Irailean Abotsanitzek salaketa aurkeztu zuen Higertoki enpresaren kontra, delitu ekologikoa egin zuelakoan
Higertoki SL enpresak udan Zaldunbordan egindako lanak baimenik gabe egin zirela onartu du Hondarribiko alkateak. Hala azaltzen da urriaren 29ko data duen 1909/2019 Dekretuan.
Udalak “azterketa geotekniko bat egiteko ikusketa, zundaketa, penetrometro eta zundaketa lanak egiteko lizentzia” eman zion enpresari ekainaren 24an, baina uztailean eta abuztuan udal teknikariek egindako bisitetan ikusi zutenez, lizentziaren edukia gainditzen zuten lanek, Abotsanitzek salatu zuen bezala.
Izan ere, alderdi honek irailean Ertzaintzaren aurrean jarritako salaketan azaltzen denez, Higertokik ingurumenaren kontrako delitu izan zitezkeen ekintzak burutu zituen, zehatzago esateko, “betelanak eta landa eremuko zuhaitz eta landaredi mozketak”.
Udal arkitektuaren txostena aztertuta, egindako lanak “klandestinoak” direla ebazten du alkateak, baina legeztatzeko aukera eskaintzen dio outlet herrixka eraiki nahi duen enpresari. Hain zuzen ere, hilabeteko epea ematen dio Higertokiri Zaldunbordan eginiko zuhaitz-mozketa eta lurrak betetzeko lanen inguruko legeztatze baimena eska dezan.
Abotsanitzek gogor salatu nahi du Alkateak, ebazpen honen bidez, prozedura erraztu nahi diola Higertoki enpresari, nahiz eta onartu legea urratu duela. Eta plan guztien baimenak eteteko eskatzen du, beste behin ere.