Outlet herrixka eraiki nahi duen enpresak zuhaitzak moztu eta betelanak egin ditu udal baimenik gabe

Abotsanitzek Higertoki S.L. enpresaren kontrako salaketa aurkeztu du Ertzaintzaren aurrean, uztailean Zaldunborda Gainean egindako lanengatik. Salaketan jasotzen denez, Higertokik ingurumenaren kontrako delitu izan daitezkeen ekintzak burutu ditu, “betelanak eta landa eremuko zuhaitz eta landaredi mozketak”, hain zuzen ere. Txomin Sagarzazu alkateak merkataritza gune polemikoari hasierako onarpena eman eta gero iritsi den lehen salaketa da honakoa.
Igor Enparan, Abotsanitz Udal Taldearen bozeramaileak ziurtatu du outlet herrixkaren bultzatzaileak “korridore ekologikoan 100.000 metro koadroko azalera txikitu duela inongo udal baimenik gabe”. Hondarribiko Udaleko Ingurumen Departamentuak abuztuaren 28an sinatutako txosten batek salaketaren edukiarekin bat egiten du. Lanak baimenik gabe egin zirela baieztatzen du txosten horrek, eta salatzen diren “ekintzen arabera jokatzeko” eskatzen du.
Izan ere, txostenak dio Higertokik Natura Kontserbatzeko Legeak eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak babestutako zuhaitz eta landare aleak kendu zituela, eta gainera, mozketek ez zutela Zaldunborda errekako bost metroko bide-zorra errespetatu. Azken honegatik, Ingurumen Departamentuak gertatutakoaren berri eman zion URA Uraren Euskal Agentziari, eta URAk ikerketa abiatu du gertatutakoa aztertzeko.
Higertokiren kontrako salaketa irailaren 26an aurkeztu zuen Abotsanitzek Irungo Ertzain Etxean. Aurretik, ekainaren 27an, Enparanek obren gaineko galdera egin zion udal arkitektuari, eta honek erantzun zion Higertokik azterketa geoteknikorako ikuskapenak eta zundaketak egiteko baimena zuela. Baina irailaren 20an Abotsanitzek Ingurumen departamentuaren txostenaren berri jaso zuen. Txostenaren arabera burututako lanak ez ziren baimenean jasotakoak, eta horregatik erabaki zuen Hondarribiko oposizioko talde nagusiak salaketa jartzea.
Aste honetan bertan, hirigintzako gaiak lantzen dituen Udalerri Udal Batzordean, gertatutakoa argitu arte, Higertoki S.L.ren aldeko baimen guztiak bertan behera geratzea eskatu du Abotsanitzek.
Hiru lege hauste
Higertoki enpresak Zaldunbordan egindako lanek ez dituzte betetzen ez Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legea, ez Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko (HAPO) hirigintza arauak, ezta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen 49/2009 Dekretua ere.
Batetik, zuhaitzen mozketak Natura Kontserbatzeko Euskal Legea hausten du, EAEko basalandarediko espezieen babesari dagokiona. Legeak debekatu egiten ditu basaflora deuseztatzea nahiz hondatzea, administrazioaren baimen egokirik gabe zuhaitzak botatzea, eta zerrendatutako landareak eta haien habitatak honda ditzakeen edozein ekintza. Zaldunbordan kaltetutako eremua gune babestua da, bat datorrena, zati batean, EAEko Korridore Ekologikoen sarearekin. Era berean, lursailaren mendebaldeko-ipar mendebaldeko zati bat Batasunaren Intereseko Habitata da, formazio belarkara naturalak eta seminatural gisa sailkatuta dagoena.
Bigarrenik, HAPOaren kontrakoa da, edozein zuhaitz mozketa egin ahal izateko aurretiazko udal lizentzia beharrezkoa dela zehazten baitu. Kendu diren zuhaitzen artean, gainera, 50 zentimetroko diametroa gainditzen duten Alisio aleak daude, Plan Orokorrean “erabateko babesa” dutenak. Azkenik, betelanak ere hausten du egungo legedia, hain zuzen ere 49/2009 Dekretua, hondakinen biltegiratzea eta betelanak arautzen dituena. Dekretuak dio betelanak egin aurretik ezinbestekoa dela baimen administratiboaren eskaera egitea, proiektu tekniko bat aurkeztearekin batera.