Aste honetan bete da urtebete, hauteskundeetan herritarrek aldaketa eskatu ostean Abotsanitzek alkatetza lortu zuenetik. Oposizioan egon garen urteetan aldarrikatu dugu pertsonak zentroan jarriko dituen hiri eredu baten beharra eta mahai gainean jarri ditugu EAJ-PNVren gobernu eskasaren zein urteetako deriba okerraren ondorioak. Bagenekien Hondarribiko udalak, instituzioak, arazo eta gabezia handiak zituela baina behin udalera iristean, esperotakoa baino egoera tamalgarriagoa topatu dugu.
Jaso dugun herentzia, politika baztertzaile, neoliberal eta klasisten ondorioa besterik ez da. Altxortegia beteta bai, baina eguneroko lana aurrera eramateko baliabide gabezia nabarmena. Honela, politika publiko sozialak garatzea ezinezkoa da. Jaso genuen administrazioaren funtzionamenduak eta sortutako hiri-ereduak, herritarrak kanporatu eta gaitasun ekonomiko handiko kanpotarrak erakartzeko makina perfektuan bilakatu zuten gure hiri polita.
Testuinguru honen aurrean, herritarrengandik jasotako mandatua aurrera eramateko bidea asko zaildu da.
Zegoen eredua aldatzen hasi ahal izateko, aurkitu dugun anabasa edota kaosa zuzentzeko beharraren aurrean aurkitu gara. Eta hala ere, eraldaketa eragingo duen kudeaketa eredu ezberdin bat martxan jarri nahi izan da urte honetan, esfortzu extra bat eginaz, udalak herritarrekiko harreman zuzen, garden eta gertuko bat aurrera eramanaz.
Hiri-eredu eraldaketa horretan garrantzia handia izango duen proiektua HAPO izango da. Hiri
Antolamendurako Plan Orokor sozialago baten alde lan egin genuen oposizioan ginen bitartean; orain,
dokumentu horri bihotza jartzeko lanetan gaude, eragile guztiekin zubiak eraikitzeko ahaleginetan,
Hondarribitarrok Hondarribian bizi ahal izatea ahalbideratuko duen plana garatzeko asmoarekin.
Herria herritarren beharretara egokitzeko beste gako garrantzitsu bat herri-mugimendu bizi eta osasuntsu bat izatea da. Auzoetako eta arlo/eragile ezberdinetako beharrak modu zuzen batean jaso eta komunikazio arina edukitzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Hori errazteko udaleko gai eta prozesuetan herritarren partehartzea antolatzen ari gara. Oraindik zuzentzeko asko gelditzen zaigun arren, saiakera handiak egiten ari gara herritar guztiei arrazoizko epe batean erantzuten (ez dugu beti lortzen) eta egiten ditugun komunikazioak “humanizatzen”.
Halako egitura zaharkitu eta kontserbadoreari buelta ematea erraza izaten ari ez den arren eta batzuetan
zailtasunak gainezka egiten digutela sentitzen dugun arren, duela urtebeteko ilusio berdinarekin jarraitzen dugu lanean, eraldaketa batean sinesten baitugu. Oso eskertuta gaude bide honetan ilusio hori elikatzen laguntzen diguzuen herritar eta elkarte orori; zuen esker ona adieraziz, zuen pazientzia eskainiz eta ondoan pasatzean animozko hitzak eskainiz. Guretzako ohore bat da Hondarribia hobetzeko gugan jarritako konfiantza.
Mila esker Hondarribia!!!
Hondarribian, 2024ko ekainaren 20an