Gobernu taldeak 12 miloi euroko kreditu aldaketa proposatu du. Aurkeztu duten proposamena oparoa den arren, herritarrak asko kezkatzen dituen hainbat alderdi kanpoan utzi dituzte. Etxebizitzaren gaia ez da jorratzen, Arrantzale auzoaren egoera hobetzeko neurririk ez dugu topatu eta aparkalekuen gaia ez dute abordatzen.
Honen aurrean hutsune hauek beteko dituen 7miloi pasatxo dituen proposamena egin dugu. Gobernu taldeak bihotz-zabaltasuna erakutsi duenez, gure proposamenak onartuak izateko aukera handiak ikusten ditugu.
7.381.000 €ko proposamena arloka egituratu dugu:
ETXEBIZITZA 4.975.000€
Arlo honetan Damarrin Babestutako etxeak egiteko, helduentzako pisuak garatzeko proiekturako, etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzetarako eta degradatutako etxebizitzak birgaitzeko laguntzetarako partidak sartu ditugu.
PERTSONAK eta ELKARTEAK 395.000€
Arlo honetan Alde batetik, pertsona zaurgarrieneko arreta hobetzeko partidak sartu ditugu, zahartze aktiborako, itun sozialerako eta berdintasunerako baliabide eta politikak garatzeko. Bestetik, kirola sustatzeko, auzoetako kirol-guneak berritzeko eta hondartza inguruko skate eta bizikleta pista egokitzeko proposamenak egin ditugu.
INGURUMEN POLITIKA 325.000€
Arlo honetan sartu ditugu eraikin publikoetan eguzki plakak jartzeko programa garatzeko, Goikoerrota birgaitzeko, Ibai eta Itsasbazterrak garbi mantentzeko eta Jaizkibel mendia babesten laguntzeko Udal basozaina kontratatzeko partidak.
MUGIKORTASUN POLITIKA 326.000€
Oinezkoentzako eta bizikletentzako hobekuntzak, garraio publikoa sustatzeko eta ibilgailu propioaren erabilera eta aparkamenduren gaiak abordatzeko neurriak proposatu ditugu arlo honetan.
EKIPAMENDUAK 1.290.000€
Auzoek dute protagonismoa arlo honetan. Arrantzale-auzoa, Alde-Zaharra, Pasaia kalea eta Arkoll auzoa birgaitu eta biziberritzeko proposamenak egin ditugu. Gainera, herrian zehar Wifi sare publikoa jartzeko partida ere sartu dugu.
EUSKARA 70.000€
Euskararen aldeko apustu irmoa egin behar da. Horregatik arlo honetan sartu ditugu Euskararen erabileraren ikerketa kualitatiboa egiteko, euskararen kale erabilera sustatzeko iharduerak antolatzeko eta Nerabeek euskaraz trebatzeko programa garatzeko partidak.