KASINO ZAHARRA:  DENA HERRIARENTZAT, BAINA HERRIA GABE

Abuztuaren 30an Kasino Zaharreko juntakideek emandako prentsaurreko batean hurrengoa adierazi zuten:  “Asko kostatu zaigu kasino zaharra zabaltzea baina argi utzi nahi dugu ez dela juntaren errua izan.” Bertan azaldu zuten itxaronaldia luzeegia egin zitzaiela, eztabaida asko eta atsekabe asko ere izan zituztela eraikinaren itxiera zela eta.

Bizitza osoa lanean pasa ondoren, zahartzaroa modu duin batean disfrutatzeko eskubidea irabazi dute gure guraso eta aiton-amonek, eta esperientzia positibo bat bezala bizitzeko aukera eskaini behar diegu. Hauxe da, hain zuzen,  zahartze aktiborako politiken helburu nagusia.  Termino aktiboak dimentsio sozial, ekonomiko, kultural, espiritual eta zibikoetan etengabe parte hartzeari egiten dio erreferentzia, eta ez bakarrik fisikoki aktibo egoteko gaitasunari. Beraz, administrazioak baliabideak jarri behar dizkie pertsona adinduei garapen eta esperientzia hau ahalik eta hoberena izan dadin.

Abuztuan emandako prentsaurreko berean, Gotzone Larrarte, Udal Gobernuko Gizarte Zerbitzuetako Zinegotziak, “Kasino Zaharra (zaharren egoitza) urriaren 1an irekiko zela aditzera eman zuen”.  Behin eta berriz eskatu izan dugun Kasino zaharraren irekiera, azkenean, iritsiko zelakoan geunden Abotsanitzen.

Pandemiak itxi zuen Kasino Zaharra, bai, baina neurriak lasaitu zirenean eta inguruko herriek zerbitzu publiko hauek martxan jarri zituztenean, gurean itxita jarraitu zuen. Gizarte zerbitzuetako zinegotziaren arabera,  Espazioa kudeatzen zuen juntak arazo sakona zuen eta hauteskunde partzialak egin beharko zituzten irekiera atzeratuz. (juntaren osaera eta irekieraren arteko lotura zuzenean harremanduz…).

Hauteskundeak egin ziren, junta berria osatu zen, baina Kasino Zaharrak itxita jarraitu du. Bertako zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak ziren baimenak falta ziren nonbait! Baina azkenean,  Irisgarritasun eta segurtasun lan batzuk egin ostean, Urriaren 1an, irekiko behar zen eraikina.

Urriaren 13a den honetan, Kasino zaharra ez dago irekita. Idatzita eta sinatuta egon  beharko luketen “udal-instalazioaren erabilera-lagapenaren hitzarmena” eta “dirulaguntza -hitzarmena”  ez daude idatziak eta juntakideak babesgabetasun egoera baten aurrean daude. EAJren udal-gobernuak eta Gizarte zerbitzuetako zinegotziak ez dituzte juntakideen behar eta nahiak  kontutan hartu eta mahai gainean jarri duten irekitzeko kondizioak ez ditu inondik inora asetzen.

EAJk, Abotsanitzek otsailan eginiko proposamena gutxietsi ondoren, 8 hilabete galdu ditu adineko pertsonek beharrezkoa duten zerbitzua ahalbideratu gabe. Eta gainera, orain, berrikuntza handirik gabe, Abotsanitzek bere garaian proposatutako moduan ireki nahi dute Kasino Zaharra.

Zergatik pairatu behar izan dute adineko herritarrek EAJren kudeaketa txarraren ondorioa izan den geldialdi hau? Zergatik ez da juntako kideekin adostutako irekierarik eman?

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta