Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka militarraren harira

Aitzol Arroyo Tumas zinegotziaren iritzi artikulua

Donbasseko (Luhansk eta Donetskeko Errepublikak) eta Ukrainaren egoera larriki okertu egin da azken asteetan, eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko tentsioak gora egin du. Bakearen alde eta gatazka militarraren aurka gaude eta, hori horrela, honakoa adierazi nahiko genuke:

Eskualde horretan tentsioa zabaltzearen inguruan dugun kezka erakutsi nahi dugu. Joan den urtarriletik hona biderkatu egin dira ukrainarren erasoaldi militarrak Donbasseko lurraldearen aurka, eta milaka zibil Errusiara ebakuatu behar izan dituzte, azken urteetan 700.000tik gora. Zortzi urte badira Giza Eskubideen urraketa hauek hasi zirela, eta behingoz amaitu behar dute.

2014ko maiatzean Ukrainarrek Odessan Sindikatu eraikina erre eta bertan erail zituzten 40 pertsonetatik hasita, biktima guztiak gogoratu behar ditugu, 10.000tik gora dagoeneko Donbasseko lurraldean, nahiz eta orain arte isilduak izan diren.

2015eko Minskeko akordiotik hona, behin eta berriz Ukrainak Giza Eskubideak urratu ditu, NATO konplize duela. Ukraina NATOren parte izateko saiakerak, eta bertan AEBk base militarrak ezartzeak, alarma guztiak piztu zituen Donbass eta Errusiarren lurraldean; izan ere, azken hauek ere bertan interesak dituzte, posizio geo-estrategikoak eta gasbidearen hornitzeak bultzatuta. Baina beste behin, galtzaile nagusiak herritarrak dira. 2014tik hona eta gatazka honen ostean, milioi batera iritsiko da errefuxiatuen kopurua, eta, XXI. Mendean, honelako datuak oso larriak dira.

Orain arte babestu dugun bakearen aldeko jarrera berresten dugu gaur ere. Gatazka militarra amaitzea da gure nahia, eta, horretarako, ulertzen dugu gakoa dela 2014ean erreferendumean demokratikoki Donbasseko herritarren borondatea eta Donetsk eta Luhanskeko errepubliken subiranotasuna errespetatzea. Herrien autodeterminazio eskubidea bermatu beharko litzatekeela uste dugu, Ukrainak Donbassen 2014tik burututako okupazio militarrean atzera eginez.

Azkenik, inongo euskal entitaterik bertan egindako eraso militarretan parte ez hartzea eskatzen dugu, gerra ez delako bidea.

Aitzol Arroyo Tumas, Abotsanitz Udal Taldeko zinegotzia

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta