Asteazkenean, hilak 13, Txingudiko Mankomunitateko ohiko batzarra burutu zen eta, besteak beste, Ordenantza Fiskalaren inguruan eztabaidatu eta bozkatu zen; hau da, datorren urtean ordaindu beharreko zabor eta uren tasen inguruan. Hondarribiko Abotsanitz Udal Taldeak bat egin zuen mankomunitateko kudeatzaileen proposamenarekin: Familia jasangarrien edo birziklatzen dutenen zaborren tasa izoztea, familia ez jasangarrien edo birziklatzen ez dutenenena %7,5 igotzea, eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden familiek erdia ordaintzea.
Mankomunitatearen hondakinen kudeaketa eredua ez da guk nahiko genukeena, baina bozkatu den ordenantzaren filosofia positibo bezala hartzen dugu. Batzarrean ordezkaritza izan duenetik, Abotsanitzek beti adierazi du birziklatzen ez duena penalizatu egin behar dela, eta horregatik bozkatu genuen alde, birziklatzen dutenen tasa izozten delako, eta birziklatzen ez dutenei igoera handi samar bat ezartzen zaiolako. Ingurumenaren ikuspegitik, jasangarriagoa den sistema bat sustatzea bozkatu dugu.
Halere, badira gustatzen ez zaizkigun aldeak. Adibidez, ezartzen den penalizazioa ikuspegi ekonomikora besterik ez bideratzea. Hori horrela, herritarren formaziora eta azalpenen komunikaziora bideratutako neurriak ere eskatu ditugu. Izan ere, birziklatzen ez dutenek kostu handiagoa eragiten diote mankomunitateari, eta kostu handiagoa eragiten diote naturari. Horregatik diogu ez dela guk nahiko genukeen sistema, gure ustez, sistemak errefusa zaildu edo zigortu, eta materia organikoaren biltzea sustatu edo ahalbidetu beharko lukeelako.
Ekonomikoki ere jasangarriagoa da birziklatzea. Lortuko bagenu biltzen den errefusaren eta organikoaren arteko oreka bat, biltzen den errefusa eta organiko kopuruak berdinduko bagenitu, bakarrik horrekin elkarteak milioi erdi euro aurreratuko luke. Garrantzitsua iruditzen zaigu hori komunikatzea, gizarteak jakin dezan, ingurumenaren ikuspuntutik kaltegarriagoa izateaz gain, garestiagoa ere badela errefusa. Garestiagoa da ez birziklatzea, birziklatzea baino, eta ez dezagun ahaztu guztion artean ordaindu behar dugun zerbitzu publiko batez ari garela.
Horregatik uste dugu harago joan behar dela, edukiontzi berdeari mugak jarri behar zaizkio. Batzarrean adibide bat jarri genuen, moztutako belarra edukiontzi berdera botatzen denena. Ingurumen ikuspegitik oso aberatsa litzatekeen natura hondakina da belarra, baina errefusa bezala tratatzen da, organikoaren bitartez berriro naturari itzuli ordez. Horrelako helburu txikiak lortzea oso erraza beharko luke izan, eta horretan ere jarri behar ditu indarrak Txingudiko Mankomunitateak. Helburu txikiak betez asko egin daitekeelako.