Udal gobernuak ustez Portu auzoko mugikortasuna hobetzeko helburuz abiatu duen proiektua ez du inorekin kontsultatu, ez alderdiekin, ez eragileekin, ezta herritarrekin ere. PNVren proiektua da, beraiena bakarrik, ez da Hondarribiko Udalarena.
Hondarribiko Mugikortasun Jasangarriaren Planari iruzur egin dio PNVk, baita Mugikortasun Mahaiari ere. Abotsanitzen proposamenez sortu zen Mugikortasun Mahaia, eta ibilbide oso ona eduki zuen. Eta horren erakusle da mahaiak landu zuen Mugikortasun Plana aho batez onartua izan zela.
Egia da plan horrek zenbait ekintza zehazten dituela, horietako batzuk Portu auzorako, baina udal gobernuak abiatutako ekintzak ahobakarrez erabakita daude, ez dira mahaian konpartituak izan, eta horrek planaren beraren espiritua urratzen du, planak ezinbestekoa jotzen duelako “eragileek ezarpenaren jarraipenean parte hartzea eta herritarrek aldaketak onartzea”.
Mugikortasun planaren muinaz gain, mugikortasun ordenantza ere urratzen du Portua proiektuak. Uztailaren 29an onartu zen mugikortasun ordenantza plenoan, hori ere, eragileen eta alderdien ekarpenak aintzat hartu gabe. Eta oraindik boletinean argitaratu gabe dagoenean, dagoeneko zuzenketak ezarri dizkio udal gobernuak, Portuan hartutako zenbait neurrik ordenantzaren kontrakoak direlako.
Portua proiektuan aurkeztutako neurrietako asko oso desegokiak dira. Adibide bezala, hiru hauek:
– Batetik, ez da zilegi, Butron pasealekuaren erdia erabilera pribatibora (terrazak) bideratu denean, erabilera publikoa mugatzea, adibidez, bizikletak debekatzea.
– Bestetik, aparkalekua egoiliarrentzat mugatzeak kalte kolateralak eragingo ditu, egun erresidentzialak diren zenbait eremu (Donosti kalea, Soroeta…), transitokoak bilakatuko baitira.
– Eta, hirugarrenik, Biteriko aparkalekua ezin da alternatiba gisa onartu, ez baita aparkaleku bat, belardi bat baizik.
Abotsanitz Udal Taldeak argi du ez dela proiektu onik izango ez bada herritarrekin eta eragileekin partekatzen. Eta ez da kotxearen erabilera murriztuko, ez bada bermatzen hirigunetik kanpora aparkatu ahal izatea. Zentzu honetan, gogorarazi nahi dugu azken urteetan Abotsanitzek Zezen Plazan lur azpiko aparkaleku bat eraikitzea proposatu izan duela, baina udal gobernuak ez du inoiz proposamena aztertu nahi izan.