Udara denboralditik aurrera bainatzen diren hondartzako erabiltzaileentzako aterpe bat jartzeko eskatu diogu Hondarribiko Udalari. Auzoka parte hartze prozesuan iritsi zitzaigun eskaera eta Abotsanitz Udal Taldeak Hirigintzako udal departamentuan erregistratu du.
Bainu denboraldia bukatuta, hondartzako aldalekuak eta komunak itxi egiten ditu Udalak. Baina asko dira udazkenetik aurrera ere egunero hondartzan bainatzen direnak. Eta horiek, batez ere eguraldi txarra egiten dutenean, faltan botatzen dute arropaz aldatzeko lekuren bat.
Horregatik, hondartza aldean aterpe bat jartzeko eskatu dugu, udaratik kanpoko bainu-hartzaileek lasai aldatzeko aukera eduki dezaten. Eta nolakoa eta non jarri beharko litzatekeen? Erabiltzaileei galdetzea proposatzen dugu guk, horrela seguru asmatuko dugula.