Bidasoko hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek (GKE) komunikabideetan gutuna zabaldu dute aste honetan, Hondarribiko udal gobernuaren aurrean bizi duten “babesgabetasun egoera” publiko eginez (irakurri gutuna HITZAn). Iaz ez zen elkartasun diru-laguntzen deialdirik egin eta udal gobernuak 2021eko udaberrian bi urteetakoa egingo zela ziurtatu zuen. Baina aste honetan jakin izan dugu 2019ko prozedura oraindik itxi gabe dutela.
Arazoa ez da berria, 2018 urtean du oinarria. Urte hartan eskualdeko GKE gehienak diru-laguntzarik gabe geratu ziren, aurrez jakinarazi gabeko prozedura aldaketa baten ondorioz. 2019an nolabaiteko soluzioa eman zitzaion aurreko urtekoari, baina udal gobernuaren kudeaketak beste arazo larriago bat eragin zuen, diru-laguntzen deialdia ekainean egin beharrean urria bukaeran egin zelako; Abotsanitzek urriko plenora mozioa aurkeztu eta gero egin zen deialdia.
GKEek euren oharrean azaltzen dutenez, deialdia urte bukaeran argitaratzeak euren funts propioak aurreratzea dakar, eta horrek beste proiektu batzuk baldintzatu edota kaltetu ditzake.
2020an oraindik eta okerrago, EAJk ez baitzuen deialdia egin. Abotsanitzek azaroaren 28an salatu zuen GKEen laguntzak berriro galzorian zeudela, eta, komunikabideetan izandako oihartzuna isildu nahian, Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak esan zuen 2021eko udaberrian egingo zela deialdia, eta bi urteak aintzat hartuko zituela: 2020 eta 2021.
Udaberria bukatzear dela iritsi da GKEen oharra. Eta horretaz udal gobernuari galdetu diogunean jakin izan dugu 2019ko prozedura oraindik itxi gabe dagoela.
Gai honetan ere, kudeaketa txarra eta gardentasun eza izan dira EAJren jardunaren ezaugarri nagusiak. Arazoak 2018 urtetik dituzten arren, departamentuko langileak beste zeregin batzuetara bideratu izan dituzte. Arazoa zuzentzen laguntzeko prest gaudela esan izan diegu, baina EAJren erantzuna izan da gure laguntza ukatzea eta informazioa ezkutatzea; Abotsanitz Udal Taldeari eta Gobernuz Kanpoko Erakundeei.
Hondarribiko EAJrentzat elkartasuna ez da lehentasun, hori argi dago. Aurrekontuaren %0,7a elkartasunera bideratzea eskatu izan du Abotsanitzek, baina gertuago gaude %0tik %0,7tik baino. Hain justu pandemiaren eraginez garapen bidean diren herrialdeen beharrak handitu direnean, elkartasunera bideratutako esfortzua murriztu egin du Hondarribiko Udalak.
GKEek eginiko eskaerarekin bat egiten du Abotsanitzek. Gizarte Zerbitzuetako zinegotziari 2020-2021 urteetako deialdia berehala egin dezala exijitzen diogu, eta aurrera begira jarrera aldatu dezala, asko dagoelako jokoan.