Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak baieztatu duenez, Hondarribiko Udalak irregulartasun sistematikoak egin ditu Montai taldeko enpresen jarraipenezko kontratazioan. Abotsanitz, Hondarribiko oposizioko talde nagusiak egindako kontsultari erantzunez, Fiskaltzak “Udalak kontratazio arauak betetzen ez dituela” egiaztatu du. Hala ere, praktika horiek ez salatzea erabaki du, “ez baita nahikoa frogatu Montai Taldeko enpresen kontratazioan egindako irregulartasunak delitu direnik”.
Abotsanitz 2020ko urtarrilean agertu zen Fiskaltzaren aurrean. Udal gobernuak kontratazioen legea betetzeari behin eta berriz uko egin zionez, gertatzen ari zenaren berri ematea erabaki genuen. Erantzukizunagatik egin genuen, ordezkari politiko gisa dugun betebeharretako bat delako legea betetzen ez den susmoaren aurrean justiziaren aurrean informatzea. Hori egingo ez bagenu, praktika horietako gaizkide izango ginateke.
Fiskaltzak berretsi du Abotsanitzek urtetan salatu duena, baita udal kontu-hartzaileak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ohartarazi izan dutena ere. Hondarribiko udal-gobernuak kontratazio irregularren erabilera orokorra egiten du, kontratazioen legea urratuz eta lehiarako eskubidea galeraziz. Fiskaltzak berretsi egin du ez-betetze hori “hainbat kasutan eta enpresatan” errepikatzen dela, baina ez du jarduera horiek ustelkeriatzat hartzeko frogarik antzeman.
Irregulartasunak, baina deliturik gabe
Fiskaltzak irregulartasunetan deliturik ikusi ez izana positiboa dela uste du Abotsanitzek. Horrek lasaitu egiten gaitu, irregulartasun sistematikoen eta ustelkeriaren artean alde handia dagoelako. Ez bakarrik legezko erantzukizunei dagokienez, baita egoera iraultzeko aukerari dagokionez ere.
Baina korrupzioa izateko nahiko frogarik ez egoteak ez du esan nahi gauzak ondo egin direnik. Hondarribiko udal gobernuak sistematikoki modu irregularrean kontratatu izan du, eta kontratatzen ari da. Abotsanitzek lanean jarraituko du hori egiteari utz diezaion eta lehiarako eskubidea errespeta dezan, pertsona eta enpresa guztiek izan dezaten erakunde publikoaren kontratazioen onuradun izateko aukera.