Abenduak 28an (inuxente egunean) argitaratutako ‘albistea’
Hondarribiko Udalean orain arte bakarrik agindu duen EAJk eta oposizioko lehen indarra den Abotsanitzek gobernu-akordioa sinatu dezakete aste honetan bertan. Bi alderdietako ordezkaritzak hilabeteak daramatzate udaleko egoera zailaz eztabaidatzen, baina aurrerapauso nabarmenik gabe orain arte. Aurrekontuen eztabaidan gertatutakoak, baina, gertakizunak azkartu ditu, Euzkadi Buru Batzarrak kezka azaldu baitu Hondarribian gertatzen ari denarekin.
Oraindik gauzatxo batzuk ebatzi gabe geratzen diren arren, bi udal taldeen arteko hitzarmenak gobernu egitura eraldatuko luke, bi koloretako gobernua eratuko bailitzateke. Hain zuzen ere, Abotsanitzek bi ordezkari izango lituzke udal gobernu berrian. Bi aldeek orain arte izenei buruz gutxi hitz egin duten arren, litekeena da Igor Enparan eta Estitxu Urtizberea izatea ordezkariak Hondarribiko gobernu-talde berrian, baina Enparanek azaldu duenez, ez lituzkete EAJko zinegotziak ordezkatuko, haien funtzio batzuk jaso baizik: “Indarrak batzea da une honetako premia. Gehiago izan behar gara eta indar handiagoz aurre egin egokitu zaigun erronkari. Modu horretara soilik aterako gara zulotik”.
Hala, Enparanek hiru arlo kudeatuko lituzke: Etxebizitza, Pertsonalaren kontratazioa eta Euskara; horrez gain, bigarren alkate-orde izango litzateke. Urtizberea, bere aldetik, Ingurumena eta mugikortasunaz, Hezkuntzaz, eta Berdintasun departamentu berriaz arduratuko litzateke.
Gobernuaren osaketaz gain, bi urterako ekintza plana zehaztu nahi dute bi alderdiek. Hitzartutakoaren arabera, Abotsanitzek urtetan aldarrikatutako hiru puntu izango lirateke lehentasun nagusiak: langile taldea osatzea, udal jardueraren gardentasunerako neurriak finkatzea, eta kontratazio irregularrekin bukatzea. Azken honetarako, Hondarribiko Udalak 250.000 euro inbertituko lituzke udal langileen formazioan, aurrerantzean kontratazioak lehiaketa publiko bidez egin daitezen.
Sinatu eta gero hasiko lirateke bi udal taldeak ekintza planaz hitz egiten. Bi urtekoa izango litzateke. Horrela, lehen urtean zenbait proiektu estrategiko erredaktatzeko aukera izango luke gobernu berriak eta, bigarren urtean, proiektu horiek gauzatzen hasiko litzateke. Proiektu horien artean Presa-Txiplao-Santa Engrazia-Damarri-Zumardia eremuaren hirigintza plana nabarmenduko litzateke; eremua berrantolatzeaz gain, babes ofizialeko 210 etxebizitza eta 1.100 ibilgailuentzako lur azpiko aparkalekua eraikiko lukete bertan, besteak beste.
Gainontzeko asmo eta proiektuen berri datorren astean emango dute bi aldeek, gobernu-akordioaren sinadura ekitaldi publikoan.
Aurrekontuaren ondorioa
Hondarribiko udal gobernuaren eta oposizioko lehen taldearen arteko akordioaren aukera, aurrekontuaren eztabaidan EAJk Abotsanitzen emendakin guztiak baztertu eta gero etorri da. Nonbait, Txomin Sagarzazu alkateak presio handiak izan ditu, Hondarribiko Udalaren egoera larria dela-eta ulergaitza delako udal gobernuak oposizioaren laguntzari muzin egitea.
Gobernuko zenbait kidek onartu dutenez, Sabin Etxean ez dute begi onez ikusten koronabirusaren urtea positiboan amaitzea, eta Hondarribia izan liteke erabili gabeko aurrekontuaren ehuneko handiena duen euskal udala. Hori dela eta, Euzkadi Buru Batzarrak Hondarribiko jeltzaleei eskatuko omen die neurriak har ditzatela 2021ean egoera aldatzeko, eta Hondarribiko Udala behingoz hasi dadila herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen. Horretarako, oposizioarekin adostea beste modurik ez dute ikusten.
Hala ere, EAJren barruan badira akordioa argi ez dutenak, eta bereziki Gipuzkoa Buru Batzarrean. Hainbat arlok kezkatzen dute herrialdearen zuzendaritza; besteak beste, kontratazioetarako konkurtso publikoak deitzen hastea, etxebizitza publikoen promozioei bultzada ematea, edota Muliateko eta inguruetako legez kanpoko duplexak ordenamendutik kanpo uztea.
Akordioa lortzen ez bada, errua EAJrena izango dela argi du Abotsanitzek. Gu gutxienekoen akordio batekin konformatzen gara: udal-plantilla osatzea, udal jarduna indarrean den legera egokitzea, eta oposizioari eta herritarrei parte hartzen uztea. Hortik aurrerakoak zehaztu beharko genituzke.