Aurrekontu erreal bat aukeren urterako

2021 aukeren urtea izango da, ez dugu zalantzarik. Batetik, egungo gizarte eredua epe laburrean mantendu eta egonkortzeko aukerak baliatzeko urtea. Eta bestetik, epe ertain eta luzera nahi dugun hiri eraldaketaren oinarriak jartzeko aukeren urtea. Gaur herritarrei aurkezten diegun proposamen-zerrendak, hain zuzen, Abotsanitzek irudikatzen duen hiri berri horren ezaugarri nagusiak jasotzen ditu:

  • Bertan bizi eta bertan lan egitea bermatuko duen hiria.
  • Hondarribiar guztien beharrak kontuan hartuko dituen hiria.
  • Ingurumena zainduko duen hiria.
  • Euskaraz hitz egingo duen hiria.

116 proposameneko zerrenda osatu dugu, 101 aurrekontuan txertatzeko (orotara, 6.677.000 euro) eta beste 15 kreditu aldaketarako (beste 5.411.000 euro). Inbertsio eta proiektu handi batzuk, baita horien garrantzia bera duten aurrekontu baxuagoko dozenaka proposamen ere. Asko herritarrengandik jasoak dira, horietatik multzo bat Auzoka dinamikari esker iritsi zaizkigunak. Oso eskertuak gaude hondarribiarren ekarpen hauengatik guztiengatik, horiek gabe ezingo baikenuke aurten burutu dugun lana aurrera eraman.

Aurkezten ari garen proposamen hau guztiz egingarria da, finantzatzeko udalaren diru sarrera guztiak aintzat hartzen dituelako. Adibidez, etxebitza publikoak egiteko Madalenaren Kuboagatik eta Montañeneagatik udalak jasoko dituen 4,5 milioi euroak barneratzen ditu, EAJren proposamenak egiten ez duena. Eta azken urteetan eguneratu gabeko beste 14 partida eguneratu ditugu, hau da, zaharkitua dagoen proposamena zuzendu egin dugu.

Aurrekontu erreala da, beraz. Orotara, 28.800.000 euroko aurrekontua, udal gobernuaren proposamena baino 4.177.000 gehiago.

Gaur astebete beste udal taldeekin konpartitu genuen proposamenen zerrenda. Gerora, udal gobernuarekin elkartu izan gara, eta edozein aukeretarako prest gaudela jakinarazi diogu, jakina, beraien jarreraren arabera. Zer eskatzen dio Abotsanitz Udal Taldeak 2021eko aurrekontuari?Bi gauza:

  • Batetik, hiri berri baterako ardatz nagusietan oinarritzea.
  • Eta bestetik, aurrekontuaren gauzatzea bermatuko duen organu bat eratzea. Hori helarazi diogu udal gobernuari, eta erantzunaren zain gaude.

Aukera guztiak irekita daude. Momentuz, Abotsanitz Udal Taldeak aurrekontu propioa osatzeko gaitasuna erakutsi du aurten. Astelehenean herri batzarra egingo dugu, eta herri batzarrak erabakiko du zer egingo dugun plenoan.

Irakurri proposamen guztien zerrenda kapituluka

Irakurri 25 proposamen nabarmenenak

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta