Udal gobernuak inolako informaziorik eman ez duen arren (ez aurretik, ez bitartean, ezta ondoren ere), milizianoen hezurrak aurkitu gabe bukatu da Hondarribiko Guadalupeko gotorlekuan egindako indusketa arkeologikoa. Aranzadi Zientzia Elkarteak burutu du, Hondarribiko Udalaren eskariz. Joan den asteazkenean hasi zen eta ostiralean bukatu.
Faxistek 1936ko irailaren 6an fusilatutako bost milizianoen gorpuak aurkitu nahi zituzten. Hipotesi baten arabera, fusilatu eta leku berean lurperatu zituzten. Aurretiazko ikerketek hiru leku zehaztu zituzten, lurperatzeak egin ahal izateko baldintzak betetzen zituztelako. Bertan egin dira lanak, baina ezer aurkitu gabe. Hortaz, ia ziurtzat eman daiteke milizianoen gorpuak ez zituztela Guadalupen lurperatu, kanposantura jaitsi zituztela.
Hain zuzen ere, beste hipotesi nagusiak indar handiagoa hartu du orain. XXI. Mendeko lehen hamarkadan kanposantu ondoko lurzoru pribatu batean lan batzuk egin ziren. Badirudi, lan horietan hainbat gorpuen hezurrak agertu zirela eta, obra geratu behar ez izateko, hezurrak hondakindegi batera bota zituztela. Hori eta gero pertsona batek gertatutakoaren berri eman omen zuen, baina hezurrak zehazki nora bota zituzten esan gabe.