Igor Enparan, Lupe Queiruga eta Estitxu Urtizberea ageri dira oposizioko lehen taldearen hauteskunde-zerrendako aurreneko hiru tokietan.
Igor Enparan Araneta, Lupe Queiruga Oronoz eta Estitxu Urtizberea Sorzabal dira Hondarribiko Abotsanitz alderdia maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara begira prestatzen ari den zerrendako lehen hirurak. Jeltzaleen sei agintaldien ondoren, “aldaketarako garaia” dela uste dute, eta aldaketa gidatzeko prest azaldu dira. Udal taldearen bozeramaile den Igor Enparan ageri da zerrendako lehen tokian. Queirugak eta Urtizbereak, aldiz, Ortzi Alonsoren eta Juanito Ortizen eserlekuak ordezkatu nahi dituzte, aurreko bozetan hiru ordezkari lortu baitzituen Abotsanitzek. Hirurek, “herritarrek eta auzoek dituzten beharrei herritik bertatik erantzuteko” konpromisoa adierazi dute. Bigarrenez parte hartuko du Abotsanitzek udal hauteskundeetan, eta lehen agintaldian oposizioko talde nagusia izan da. Esperientzia hori baliatu nahi du bigarren laurtekoari begira: “Gehiengoa duen udal gobernuari benetako oposizioa egin diogu, proposamen ugari jarriz mahai gainean. Sagarzazu alkate jaunaren eta EAJren gehiengo osoaren kudeaketa txarra ere agerian utzi dugu sarri. Lau urte hauetako esperientzia eta ikasitako guztia baliatuko dugu datorren legegintzaldian Hondarribia eraikitzen jarraitzeko”. Esan dutenez, “herri aurrerakoiagoa eta justuagoa” lortzeko egingo dute lan, eta proposamenak jasotzeko herritarrekin elkartu direla gaineratu dute: “Herri izaera duen talde honek gogor egin du lan legegintzaldi osoan zehar, hondarribiarrentzat herri aurrerakoiagoa eta justuagoa lortzeko. Horretarako, herritarrekin, eragileekin eta auzoetako ordezkariekin hitz egin dugu, haien proposamenak jaso eta udalera eramateko”.
Iturria: Hitza. https://bidasoa.hitza.eus/2019/03/11/abotsanitzek-zerrendako-lehen-hirurak-aurkeztu-ditu/