Abiatu dute elkartasun laguntzen prozedura

Gaur, urriaren 29an, argitaratu da iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Azaroaren 29ra arte izango dute Bidasoko Gobernuz Kanpoko Erakundeek elkartasun proiektuetarako laguntzak eskatzeko epea. Udal webgunearen bitartez edo Javier Ugarte kalean egin behar dute eskaera, udaletxeko obrak direla-eta bertan kokatuta baitago behin-behinekoz BAZ bulegoa.

Iazko deialdira aurkeztutako 21 proiektuetatik Hondarribiko Udalak 18 bota zituen atzera. Arrazoia, prozedura oso berandu abiatu zela. Aurten ere berandu dator, baina erakundeak jakinean dira, aurten ez ditu ezustean harrapatuko. Gainera, 2018an gertatutakoari nolabaiteko soluzioa emateko, iaz esleitu ez ziren kantitateak aintzat hartuko ditu aurtengo deialdiak. Guztira, 213.543 euro bideratuko ditu udalak.

Urria hasieran Abotsanitzek gaiari buruzko mozioa erregistratu zuen, bihar (asteazkena) egingo den urriko plenoan eztabaidatzeko. Iazko arazoak errepikatu ez zitezen prozedura berehala abiatzeko eskatzen genuen testu horretan. Biharko bozeramaileen bileran erabakiko dugu mozioa mantendu ala erretiratuko dugun, baina egindako lanak fruitua eman duela uste dugu.

Udalak akatsa onartu du
Komunikabideei bidalitako oharrean Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak onartu duenez, iazko administrazio akatsak zuzendu nahi izan ditu udalak aurten. “Administratiboki gai honen kudeaketan arazoak izan ditugu, baina azkenean konpondu egin ditugu”, esan du..

Aurtengoa, beraz, iazko akatsa zuzentzeko irtenbidea da. Datorren urtetik aurrera gauzak lehengora itzultzea eskatuko du Abotsanitzek. Hau da, 2020ko deialdia ekainean zabaltzea eskatuko dugu, 2018ra arte egiten zen bezala. Horrela, proiektuak martxan jarri aurretik, diruz-lagunduta egongo ote diren jakingo dute eskualdeko elkartasun erakundeek.

Aurtengo ebazpena urtea bukatu aurretik ere eskatuko dugu, kontuan izanik kasu gehienetan iaztik datozen proiektuak direla.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta