MONTAÑENEA, ABOTSANITZ ETA EAJ-PNVREN KUDEATZEKO EREDUA AZALERATUAZ

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada” zioen Hertzainaken abesti batek. Herrian ere, nahiz eta batzuk desinformazio eta higadura kanpainaren barnean murgilduak egon, udala ezer ez egiten ari denaren irudikapena zabalduaz, ilusio eta itxaropenerako lehen argi printzak ikusten gabiltza. Eta oraingoan, badatorkigu, hirigintza aldetik, aldaketa irudikatuko duen adibide garbia, aurreko jokamolde zahar eta neoliberalekin apurtu eta Hondarribian Bizi Nahi izatea hurbilago izateko.

Gaurkoan, Montañenea edo Mendienea etxebizitza promozio pribatua dakargu aipagai, Grupo Eibarrek burutuko duena. Ez da berria promozio honen ibilbidea, 2017an bertan behera geratu zen Plan Orokorrarekin hastekoak baitziren. Baina batzuen kudeaketa-eza eta epai bideko aferak prozesua gelditu eta 2023ko maiatzera iritsi ginen. Hauteskunde atarian, EAJ-PNVk, beste behin, inoren sorpresarako, alfonbra gorria jarri zion promozio urbanistiko pribatuei eta orduan, %100 etxebizitza pribatuak (43 etxebizitza) egitera zihoazen Montañenean, udalak 3.033.553.-€ milioi euro jasoko zuelarik konpentsazio gisa, beranduago etxebizitza publikoak egiteko asmoarekin (azken urteetan ez da aprobetxamendu hauetatik ezta euro bat erabili VPOtara bideratua). Gainera, legeak ahalbideratzen duen eraikigarritasun minimoa ezartzen zen, jasangarritasun irizpidearen kontra doana, bereziki, lurzoru eskasia duen gure herri honetan, eta kalitatezko zerbitzu publikoak ematea oztopatzen duena. Esperantzara kondenatuta ginen, orduan ere, etxebizitza publikoak nahi genituenak.

Eta zerekin datorkigu orain, urte t´erdi beranduago, Abotsanitz parte den udal gobernua, ba hilabete luzez Grupo Eibarrekin negoziatzen ibili ostean, akordio batera heldu garela. Eta egia esan, berri pozgarriekin gatoz:

EAJ-PNVk etxebizitza publikoei ezetz esaten zien espazio, promozio eta lege berdinarekin,  Abotsanitzen udal gobernuak Etxebizitza publikoak lortu ditu Montañenean (25 etxebizitza gutxi gora-behera), bai eta 5.136.426,99 eurotik gorako konpentsazioa. Hortaz aparte, aurretik erosita zuten hamarnaka herriko familiei, erosketa-prezioa mantentzea lortu dugu ere, merkatua interbenitzeko beste pausu bat.

Eta hori lortzeko, gure iraultzaile sena atera dugu: legea besterik ez dugu aplikatu, hirigintza eredu jasangarri eta bideragarria lortzeko helburuarekin.

Gainera, Montañenean egingo diren etxebizitza publiko horiek, pribatuak egin baino lehen edota epe berdinean entregatu beharko dituzte, benetako urgentzia baitago herrian etxebizitzak eskuratzearekin. Eta para mas inri, bizitoki horiek, Udalean izango dugun Etxebizitza sailetik kudeatuko dira, lehentasuna, Hondarribian jaio edota bizi direnentzat izango delarik.

Baina, oposizioaren hitzetan, ezer egiten ari ez den udal gobernu berri honek, ikusezina den sukalde lanetan ziharduen buru-belarri. Eta berriz ere azpimarratu behar dugu, ez dugula ezer berririk asmatu. Lege bera, promotore bera, espazio bera, joku-baldintza berdinekin. Borondate politikoa da balioan jarri dena.

Esan bezala, 2023ko maiatzetik 2025eko urtarrilera urte t´erdi pasa da. Denbora tarte labur horretan, bi gobernatzeko eredu ezberdin azaleratu ditugu. Bata, aurretik genuen jeltzaleena, dirudunen eta pelotazo urbanistikoari begira; bestea, herritar eta babesturiko etxebizitzak egitea bilatzen duena…bakoitzak atera ditzala ondorioak.

Honetan zebilen UDAL GOBERNU BERRIA, aberats eta pelotazo urbanistikoei alfonbra gorria kendu eta balantza herritarren alde irauliaz, etxebizitza publikoak sortuaz dauden aukera guztietatik. Maite duguna zaindu nahi dugulako. Baina oposizioak, oraindik ere, seguru baduela zerbait esateko, izan beraien herentzia dela edota etxebizitza publiko gutxi eskuratu ditugula; hitzak-hitz, lanean jarraituko dugu, herri hau denona delako, Idoia Asurmendik abesten duen gisan “berriz esan ez dezaten ez dagoela denon eskuetan”.

Hondarribian, 2025eko otsailaren 21a

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2025. Eskubide guztiak erreserbatuta