HARRITURIK GAUDE EAJ-REN AZKEN KOMUNIKAZIOAREKIN

Ia astebete pasa den honetan, oraindik ere, zur eta lur jarraitzen dugu EAJ-PNVk egindako komunikazioarekin, 2024ko aurrekontuen harira. Gaur egungo EAJren Udal Taldean, gutxienez, erdiak badu esperientzia Gobernuan edota kudeaketan egotearena (Gonzalo Carrion, Maria Serrano eta Juan Luis Silanesek) eta horregatik egiten zaigu oraindik eta sinesgaitzagoa publiko egindakoa. Izan ere, urtarrila amaitu gabe dagoen honetan, 2024ko aurrekontuaren likidazioa ez dago itxita eta berau, martxoan ematen da amaitutzat normalean, behin faktura guztiak aurkeztu eta ordaintzen direnean. Edozein herritarrek jakingo du, autonomoak direnak batik bat, egutegi fiskala ez dela urtea amaitzearekin bat egiten.

Honekin, gauza bat gutxienez erakutsi digu jeltzaleen prentsa oharrak: Azken agintaldietan, kudeaketan egon direnean, ez zekitela prozedurak nolakoak ziren.  Bestetik, gardentasunaz ere kexu dira EAJ-PNVkoak, baina adierazten ez dutena da, eskuratu dituzten datu eta faktura kopuru mordoa kontsultatu ahal izan dutela udalean dugun aplikazioaren bitartez, iraganean guk jarraipen-kontrola egin nahi genuenean, zailtasunak izaten genituelarik.

Azkenik, adierazi nahiko genuke, kostatzen zaigula EAJ-PNV bezalako alderdi serio batek halako akats administratiboetan erortzea 30 urte eta gero agintean egonda. Beraz, garai honetan likidazioaren inguruko oharra zabaltzeari helburu nagusi bat antzeman diogu Abotsanitzetik: desinformazioa. Honen inguruan hausnarketa txiki  bat egin nahiko genuke. Oso modan dagoen estrategia politikoa da datuen eta ebidentzien gainetik errealitate paralelo bat eraikitzea, esparru politiko ilunenetatik eratorritako estrategia arriskutsua. Tamalez, hasieratik erabili duten estrategia izan da oposizioa egiteko, eta behin lotsa kenduta, ez dirudi geldituko direnik. Baina legezko alderdia badira eta haien burua seriotzat hartzen badute gustatuko litzaiguke edozer gauza bota baino lehenago gauzak pare bat aldiz pentsatzea eta herritarren ordezkariak diren heinean zintzo jokatzeko ardura demokratikoari heltzea. Azkenean, desinformazioaren galtzaile nagusia ez delako ez Abotsanitz ezta gobernu taldea, herritarrak baizik.

Hau guztiarekin, behin 2024ko aurrekontuen likidazioa ixten denean, gardentasunaren hautuari jarraiki,  martxoan gutxi gorabehera, eztabaida publiko baten parte hartzeko deia luzatzen diegu EAJ-PNVkoei.

Hondarribian, 2025eko urtarrilaren 29an

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2025. Eskubide guztiak erreserbatuta