2025-2026KO ERRONKA NAGUSIA: HIRIGINTZA-ETXEBIZITZA

Azken urteetan, etxebizitzaren inguruko gaia izan dugu etengabe komunikabideetan, eta zer esanik ez, kezka arrazoi nagusiena Hondarribiko herritarrengan. Eskaria eta eskaintzaren arteko desoreka izugarria dugu herrian eta eskaintzan dauden etxebizitzen prezioak, desorbitatuak daude erabat. Hori edonork daki, izan eskuin, ezker edo zentrokoa. Arazoa, gainera, transbertsala bilakatu da urteen poderioz. Generazio desberdinek pairatzen dute, gazte, heldu zein zaharrek; errenta ordaindu ezin duten Hondarribiarrak herritik kanpo joaten jarraitzen dute ezinbestean, eta desoreka-arrakala sakonagoa da gaur, inoiz baino gehiago.

Hau guztia ekidin zitekeen? Noski, etxebizitza publikoak sustatzen eta herritarren interesak lehenesten lobby-en gainetik. Baina etxebizitza publikoak eraikitzea, legea betetzea, ez du etekinik ematen eta aldiz Hondarribiko lurraren prezioa EAEko altuenetarikoa da, goxoki tentagarriegia, ezta? Adibide zehatz bat; Biteri eskolako pareko etxebizitzak 1996an egiteko proiektatu ziren, ia 30 urteko atzerapenarekin goaz. Zenbat Hondarribiarrek alde egin behar izan dute gure herritik 30 urtetan?

Guzti honek, azken hamarkadetan udaletik bultzatu den etxebizitza-politikarekin du zerikusi zuzena: Etxebizitza pribatuak lehenetsi, izan luxuzkoak edota bigarren erresidentziara bideraturikoak, etxebizitza publikoak bigarren edota hirugarren maila batean kondenatuta egon diren heinean. Eta berriz diogu: hau guztia ez da kasualitatea, gupidarik gabeko planifikazio zehatz baten emaitza da, hiri-eredu zehatz bati erantzuten diona.

Hamar urte daramagu aurreko guztia salatzen, berriki Hondarribian Bizi Nahi Dugu kanpainaren bitartez. Udalean agintzera iritsi garen honetan, HAPOa “eraldatzea” erabaki dugu eta argi esan behar dugu ere, formula magikorik ez dagoela 30 urteko hiri-eredu neoliberala errotik aldatzeko. Baina etxebizitzaren inguruan, tresna bat badaukagu gure alde: legea. “Hain iraultzailea” den legea betetzera mugatuko garelaren konpromezua adierazi nahi dugu herritarrei.  Hurrengo asteetan, lehen mugimenduak ikusi ahal izango ditugu, etxebizitzaren inguruko albiste garrantzitsuak baitatozte gurera.

Horietako nagusiena, HAPOren behin-behineko onarpena izango dugu. Oposiziotik ahotsak altxatzen somatu ditugu azken aldian, deus edo ezer gutxi egiten ari garela Plan Orokorraren inguruan, eta horrekin, herritarrak lasaitzeko deia egin beharrean gaude. Egia da, 2027ko maiatza baino lehen, zaila izango dela Abotsanitzen gobernuan lehen etxebizitzak eraikita ikustea, baina indarrean utziko duguna, etxebizitzak eraikitzeko joku-arauak izango dira, non tokian-tokiko etxebizitza publiko eta pribatu portzentaia eraiki beharko duten promozio pribatu guztietan (%40/%60 edota %75/%25). Horiek baino lehen edo maila berean, publikoen sustapena burutuko dugu ere, orain arte egin ez den bezala.

Etorkizunari begira, Hondarribian bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu eta HAPOrekin bat, tresnarik garrantzitsuena Udalean sortu egingo den Etxebizitza saila izango da, bertatik kudeatuko baitira udalak bere gain izango dituen Etxebizitza publikoak, Hondarribian jaio edota bizi direnak lehenetsiko baitira.

Amaitzeko, hau guztiarekin, herritarrei abisua pasa nahi diegu, datozen hilabeteak zinez mugituak izango direla, behintzat, hirigintza alorrari dagokionez. Kasu hauetan, hirigintzara bideraturiko gaiek, emaitzak ikustea kosta egiten da, baina sinistuak gaude Hondarribian bizi ahal izateko bide onean goazela.

Hondarribian, 2025eko urtarrilaren 27a

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2025. Eskubide guztiak erreserbatuta