Duela egun batzuk, uholdeen arriskuen aurreikuspenarekin, PSE-EEren oharra irakurri ahal izan genuen komunikabideetan, Hondarribiko Udalari neurriak eskatuaz uholdeak saihesteko. Zehazki, lezoien kota igotzea eta hondar-zakuak 3 mailatan jartzea eskatuaz.
Pasa dugun astean, nagusiki asteazkenetik ostiralera arte, marea biziak egon dira, koefiziente altuarekin etorri direnak. Oraingoan ordea, euri kopuru handiarekin elkartu dira mareak eta egoerak okerrera egin du. Dena dela, esan genezake, ohiko tokietan egin duela urak gainezka (Minasoroeta, Mendelu, Jaizubia, etab.) baina behintzat, kasu honetan, neurriak herritarren esku jarri dira. Aipatu beharrean gaude ere, Gipuzkoa eta Lapurdin ikusi ditugun irudiak ez direla gurean eman, baina kontziente gara herriko hainbat guneetan, uholdeek kalteak eragin dituztela.
Iraganean entzun izan ditugu oposizioko alderdiak kexu, neurriak ez zirelako ezartzen, baina azken hilabeteetan, udaletik eta alderdi guztien parte-hartzearekin, urak gainezka egiten duen tokietara bisita antolatu eta hobekuntza neurriak ezarri ziren udaletik (hondar-zakuak banatu eta moto-bonbak utziz auzotarren artean), nahiz eta batzuek neurriak ez zirela hartu edota eskax izan zirela salatu.
Eta egoera politikoak hobera egingo zuen esperantzarekin, oposizioak, okerrera egin du. Etika, enpatia eta zintzotasun falta salatu beharrean gaude eta argi eta garbi esan nahi dugu, denak ez duela balio politika egiteko. Beste herrietan, Irun kasurako, ez dugu oposizioa etekin politikoa bilatzen ikusi, baizik eta prestutasuna eta elkartasun-jarrera adierazten herritarrekiko.
Azken hauetara bueltatuz, eta PSE-EEk eskatzen dituen neurrien harira, herritarrei gogorarazi behar diegu, alderdi sozialista dagoela agintean eskumen zuzena duten Ura Agentzia edo Espainiako Kostaldeko Agintaritzan boterean, eta eskatzen dituzten hobekuntza horiek egiteko baimena ukatu egin izan diotela udalari instituzio horiek, beste alternatiba ez hain efektiboak mahai gaineratuaz. Bide hau, elkarrekin egin beharko genuke, alderdikeriak alde batera utziz eta herritarrentzat hoberena eginaz eta lortuaz, eta ez etekin politikoa atera herritarrak sufritzearen kontura. PSE-EEk etekin politikoaren logika berberean jarraitu nahi badu, aski du beraien alderdikideengana joatea goi instituzioetan, herritar askorentzat oso larria den egoera honi irtenbide bat emate aldera presioa egitera, eta herrira proposamenak ekartzea, alderdi serio batek egingo zukeen bezala.
Azkenik, azpimarratu nahi genuke irailean udalak utzitako hondar-zakuen harira, eremu jakin batzuetan zakuak zulatu eta batzuk, ibaira bota egin zituztela. Ekintza deitoragarria dela esan genezake, herritarren eguneroko bizitzan ahalik eta alterazio gutxien eragitea baitzuen helburu hondar zakuen banatzeak, baina badirudi, batzuei, udaletik datorren edozerk, min ematen diela.
Hondarribian, 2024ko urriaren 25a