Sainduako obrak: besteei errua botatzea errazagoa da akatsak onartu eta autokritika egitea baino

Joan den astean, EAJ-PNVren enegarren komunikatua irakurtzeko aukera izan genuen, kasu honetan, Saindua Gaztelekuko obren ingurukoa, alegia. Bertan, salatzen zuten udal gobernuak “ez duela jarraipenik eta kontrolik egin obraren kudeaketan” eta eskatzen zuten “kontratuaren epeak ez betetzeagatik izan daitezkeen zigorrak baloratzeko”.

Bada, gure aldetik, lotsagarria deritzogu EAJ-PNVk Sainduako obrak baliatzea, udal gobernuak herentzian jaso duen proiektuarekin, hauen irudia zikindu eta etekin politikoa bilatu nahi izatea.

Jarraian azalduko dugun bezala, Sainduako obren prozesua EAJ-PNVren kudeaketaren adierazle garbia da. Eta horretarako, herritarrei, datu guztiak mahai gainean jartzea beharrezkoa dugu eta beraiek atera ditzatela ondorioak. Bestalde, EAJ-PNVtik onartzen dute “Saindua hobetzeko eta handitzeko proiektua oso prozesu luzea izan dela, eraikinaren egiturarekin sortu ziren konplikazioengatik.”. Eta gure buruari galdetzen diogu: Eraikinaren egituraren arazoak ala gazteak ez zirela haien lehentasuna?

Ikus dezagun:

  • 2017an dugu prozesuaren hasiera. 140.000€ onartu ziren eraikina barrutik berritzeko, baina diru-partida hori ez zen gauzatu.
  • 2018an, 550.000€-ko aurrekontua zegoen helburu berdinerako, hau ere altxortegian bukatu zuelarik. Urte hartako urrian, gaztelekua itxi egin behar izan zen eta Puntaleko eskola zaharrera lekualdatu zuten zerbitzua.
  • 2019an, 240.000€ aurreikusi ziren proiektua eta obra garatzeko, baina kasualitatea, honek ere, altxortegian amaitu zuen.
  • 2020. urtean, beste 500.000€ onartu ziren, hauek ere erabili ez zirenak… 4 urteetan, ia milioi euro t`erdi aurreikusi ziren Sainduarako eta denak, altxortegian amaitu zuen.
  • 2021ean, baina, EAJ-PNVri “ahaztu” egin zitzaion aurrekontuetan sartzea Sainduako obra, bai eta kreditu-aldaketetan txertatzea ere. Hori zela eta, Abotsanitzetik erabaki genuen, erantzukizun politikoagatik, obrak gauzatzeko diru-partida eskatzea (maiatzean onartu zigularik EAJ-PNVk).
  • Hortik aurrera, lizitazio prozesua abiatu zen eta 2023ko urtarrilaren 18an obra esleitu zitzaion enpresari. Otsailaren 10ean sinatu zuten obra-kontratua.
  • 2023ko ekainaren 1ean, 2182/2023 dekretuaren bitartez, eman zion EAJ-PNVko hirigintza zinegotziak, 2017an hasi behar ziren obrei hasierako baimena. (10 hilabeteko iraupenarekin)
  • 2023ko abuztuan, Abotsanitzek lehen hilabetea zeramatzala gobernuan, 2815/2023 dekretuaren bitartez, enpresari kontratua ez betetzeagatik 39.902,34€ko zigorra ezarri zitzaion (lehen zantzuak, obra ez zihoala joan behar zuen moduan…). Honek adierazten digu, EAJ-PNVk ez duela prozesuaren jarraipena egin, udal gobernu berriak lehen bi hilabeteetan zigorra ezarri baitzien epeak ez betetzeagatik.
  • 2023ko azaroan, enpresak epaibidea jorratu zuen udalaren aurka, 3564/2023 dekretuan aipatzen den modura (obrak ez zihoazten bide egokitik…)
  • 2024ko martxoan, 1113/2024 dekretuaren bitartez enpresari luzapena eman zitzaion eta fakturak ordaintzeko, lan-plan bat osatu behar zuten, lanak egiten ziren heinean ordaintzen joango baitzirenak. Baina, EAJ-PNVren hitzetan, udal gobernuak ez du jarraipen eta kontrolik egin obraren kudeaketan…
  • 2024ko maiatzean, esleipena irabazi zuen enpresak zesio kontratu bat sinatu zuen beste enpresa batekin, finantzazio arazoak zirela medio. Ordutik, lan-planean jasota eta burutzen diren lanen arabera ordaintzen ari zaio enpresari.

Hau guztia mahai-gainean jarriaz, bakoitzak atera beharko lituzke ondorioak. Baina guk garbi daukagu, guzti honetan, EAJ-PNVren urteetako utzikeria eta kudeaketa-eza salatu behar ditugula. 2017an hasi zena, 6 urteren ostean martxan jarri zen eta horrek adierazten digu jeltzaleentzat gazteak ez direla inoiz lehentasun izan. Garbi dugu EAJ-PNVk kolektibo zaurgarrietan baino, bere esfortzu / lehentasunak beste sektore batean jarriak zituela, 2017tik 2020rako utzikeria eta 2021ean aurrekonturik ez aurkezteak erakusten digun bezala.

Obren jarraipenaren inguruan, informazio eza adierazi dute EAJ-PNVtik, eta horrekin, egunerokotasun lanak burutzen ez dituztela ondoriozta genezake. Izan ere, dekretu liburua kontsultatu zezaketen eta guk aipatu dugun informazio oro eskuratu. Baina hori ere egiteko ez dira gai izan.

Amaitzeko, EAJ-PNVri adierazi nahi diogu aspaldi egon behar zuela amaituta Saindua gaztelekuko obrak eta gutxienez 5 urteetan gai izan ez diren hori egin eta herentzian jaso den buruhauste hau, ez dezatela orain etekin politikoa bilatzeko arma gisa baliatu. Egoera honetan, ez dugu EAJ-PNVren autokritikarik espero tamalez, eta ziur gaude jeltzaleen oharra irakurri duten bertako langile, nerabe eta hauen familiak aho bete hortz geratuko zirela, gu geratu garen gisan.

Saindua Gaztelekua, belaunaldiz belaunaldi gazte eta nerabe askorentzat erreferentziazko espazioa bilakatu da, komunitatea eraikiz. Lerro hauek baliatu nahi ditugu bertako hezitzaileek aurrera eramaten duten lana balioan jartzeko, gutxitan errekonozitua izaten den lan ixil bezain garrantzitsua. Are gehiago, urte luzez zerbitzuaren beharrak betetzen ez dituen espazio batean lan egiten ari direlako. Bukatzeko, ez dezagun ahaztu azken finean egoera honen kaltetu nagusiak gure herriko gazte eta nerabeak direla. Horregatik, Abotsanitzetik Saindua Gaztelekuak merezi duen espazio duina aldarrikatu nahi dugu.

Hondarribian, 2024ko urriaren 11a.

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta