Elkarrekin gauzak egin nahi izatea

Gehienak dira alarde bakarrean emakumearen parte hartzea aldarrikatzen duten ahotsak. Errealitatea da. Aldarrikapen hori posizio ezberdinetatik egiten da. Gatazkak 28 urte hauetan zeharkatu eta eraldatu gaituen seinale eta denak ez garela helmugara aldi berean ezta bide beretik iristen.

Argi dago normalizazioa ez dela egun batetik bestera ematen eta aurtengo pausuak bide horretan doazen pausu xume bezain garrantzitsuak direla deritzogu Hondarribiarron senidetzearen bidean. Zentzu honetan, gure babesa erakutsi nahi diogu Hondarribiko alkate, alderdikide eta laguna den Igorri. Eta bere hitzak gureak egin nahi ditugu: “bidea ilun ikusten bada ere, amildegia handia izanda ere, argitasuna bilatzen jarraituko dugu lanean”.

urtea zen Alardearen lehenengo hausnarketa sakona plazaratu genuenean burututako talde dinamika batzuetatik ondorioztatutakoarekin. Bertan, beste gauzen artean, esaten genuen: “Gizonena soilik izan den herriko jai egun bateko ekintza zehatz batean emakumeen partaidetza nola txertatu aztertzea eta asmatzea da bidea. Honek denbora iraungo du, heziketa eta normalizazioa bait ditu bidelagun.”

Beste ideia hauek ere aurki daitezke gure hastapenetako idatzi hartan: elkarte bat ondare komun batetaz jabetu zela, eta erabilera hori salatzen genuela; ez genuela soluzio magikorik ezagutzen; eta herritarrak pausuak ematen joango zirela jai parekide, alai eta baketsuak ospatzera iritsi arte (herritarrek pausuak eman dituzte: Guztion alardea, Saindua proposamena, herritar foroa…).

Denborak, bizitako gatazka eta tentsioek, gu guztiok eraldatu gaitu; ez gara duela 28 urte ginen pertsonak. Prozesuan argi ikusi dugu bi alardeen aukerak herria zatituta mantenduko duela eta batzuek ez dutela inoiz beraien konfort eremutik mugitzeko beharrik izango. Horregatik, gure adierazpenetan argi aldarrikatzen dugu alarde publiko, parekide eta bakarra. Helburu hori lortzeko ezinbestekoa da sexu-genero sistema iraultzen hastea.

Berdintasun legearen arrazoien adierazpenetatik (zioetatik) ondorengo ideia ekarri nahi dugu: Lege honen xede nagusia berdintasunezko gizartea lortzea da, non pertsona oro libre izango den, hala eremu publikoan nola pribatuan, bere gaitasun pertsonalak garatu eta erabakiak hartzeko, ohiko rolek sexuaren arabera ezartzen dituzten mugak izan gabe; gizarte bat non berdin aintzat hartu, baloratu eta bultzatuko diren emakumeek eta gizonek dituzten
portaera, jomuga eta beharrizanak.

Aurrekoa ezin da bete subjektuak aktibatu gabe, subjektuak eraldatu gabe. Zoritxarrez, 2005an Berdintasun legea onartu zenetik gaurdaino Hondarribiko udalak ez ditu baliabideak jarri, ez berdintasun politikak garatu eta 19 urte pasa dira ekintza positiboak martxan jarri gabe. Aurten, urte luzeetan eman ez diren urratsak ematen ari dira konponbidearen alde baina batzuek gatazkarekin amaitu baino gatazka denboran betikotu nahi dutela dirudi, generazio berriei beraien etorkizuneko festak giro baketsu eta zoriontsuan igarotzea ukatuz, frustrazioa elikatuz, urteetako motxilari pisu gehiago sartuz. Hondarribiarrok ez dugu merezi. Hondarribiarrok zoriontsuak izatea merezi dugu.

Itopuntutik ateratzeko elkarrizketan, zubiak eraikitzen eta ezberdinen arteko espazioak sortzeko lanetan gabiltza. Bide honetan, herritarrak soluzioaren aldeko eta berdintasunaren aldeko agente bihurtu dira. Mota askotako adierazpenak, aportazioak eta udalari zuzendutako eskari edo mandatoak ugariak dira.

Honen aurrean, behar dena da elkarrekin gauzak egin nahi izatea. Norberaren ideiak edo asmoak baino handiagoa den zerbaiten alde, besteen lana balioan jarri eta aurrera egiteko pausuak emanez. Alardea, garai batean, herriaren batasunaren sinbolo izan zen. Itzuli dieaziogun dizdira hori!!

GORA HONDARRIBIA!
2024ko Irailak 2.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta