Duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saileko Gipuzkoako lurralde-bulegotik jakinarazi zaio Hondarribiko Udalari, bi alojamendu-turistiko ustez modu irregularrean jarduten ari direla herrian.
Abotsanitzen hamarkada bat daramagu aldarrikatzen Hondarribian bizi nahi izatea ezin duela luxu bat izan eta gaur egungo egoera sostenga ezinera ekarri gaituenak hain zuzen erabaki politiko zehatz batzuen emaitza dela. Hiri-eredu honetan etxebizitzaren negozioa, eskubidearen aurretik gailentzen ari da, lehenengo eta bigarren mailako Hondarribiarren logikaren arrakala sakonduz.
Hori gutxi balitz, azken urteetan, alojamendu turistikoen gorakada nabarmena pairatzen ari gara, Hondarribiko etxebizitza-parkea murrizten joan delarik, herritarrak herritik kanporatuak izan, etxebizitzaren prezioaren garestitzea eman eta gehiegizko turistifikazio batetara goazelarik honek dakarren guztiarekin (aparkalekuarekin arazoak, auzotarren bizi-kalitatea jaitsi, ostalaritzan masifikazioak sortu, etab.).
Herritarrak badakite Hondarribian etxebizitzaren problematika zein den, askok bere azalean sufritzen dutelako zuzenean eta beste askok zeharka. Hortaz, sen onak esaten digu Etxebizitza Turistikoak erregulatzea eta mugatzeak logika guztia duela eta horretarako, HAPO berrian neurri horiexek jasotzea berebizikoa ikusten dugu. Ez gaude etxebizitza turistikoen aurka, etxebizitza turistikoak Hondarribiko etxebizitza arazoaren problematikaren logikatik heltzeko neurriak jartzeko besterik ez dugu eskatzen.
Hori guztia dela eta, eta kontuan izaki alojamendu turistikoen jarraipena eta kontrolaren eskumen osoa Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailarena dela, Abotsanitzetik eskaera luzatu nahi diogu orain arte bezala lanean jardutea, jakin badakigulako egoera honetan bezalako alojamendu-turistiko gehiago egon daitezkeela Hondarribian.
Hondarribian bizi nahi izatea eskubidea izan beharko lukeelako eta ez pribilegio.
Hondarribian, 2024ko abuztuaren 14a
Abotsanitz Udal Taldea