Hondarribia lantzenen desegitea: EAJ-ren zulo ilun baten historia

Asteartean, hilak 9an hartu zen azken erabakia, Hondarribia Lantzen S.A. sozietatea desegiteko. Aurretik, ekaineko udalbatzan onartu zen Lantzen desegin eta likidatzeko beharrezko izapideak martxan jartzearena. Eta noski, horrek, ezinegona sortu du, PSE-EEren artean, baina nagusiki EAJ-PNVn. Baina, herritar askorentzat, ezezaguna den zerbait da/zen Hondarribia Lantzen, beraz, azaltzeko beharrean gaude, zer eta nola jaio zen Hondarribia Lantzen eta zertarako balio behar izan zuen.

1990.hamarkada hasieran, adreiluaren garaian, Eusko Jaurlaritzak, Lantzen sozietate formulak sortu zituen, udalei haien hirigintza garapenean laguntzeko asmotan (Tolosa, Azkoitia, Zumaia, Getaria, etab.). Gurean, 1992ko maiatzaren 26ean sortu zen, eta Hondarribia eta hondarribiarren onurarako hirigintza jarduerak burutzeko xedea zuen. Bere hastapenetan, Lantzen diru publikoaz baliatzen zen eta kudeaketa enpresa baten moduan funtzionatzen zuen, baina beste enpresekin alderatuta hainbat funtsezko abantaila zituen:

-Ez zegoela behartuta konkurtso publikora ezer ateratzera (horrek dakarrenarekin)

– Ez zuen aurrekontu mugarik

– Eta larriena, ez zuen udalari kontu emateko derrigortasunik, honela eragiketa eta kontratu oro libreki eman ziezaieketen nahi zutenei.

Zorionez, 2007an, 30/2007 Sektore Publikoko kontratuen legeak, zulo ilun hauek erregularizatzera behartu zituzten, baina gure kasuan, gauzak gaizki egiten jarraitu zuten.

Beste herrietan, Azkoitian edo Tolosan kasurako, langile propioz hornitu zituzten haien sozietateak, baina Hondarribian, EAJ-PNVren gehiengoz erabaki zen langile kualifikatuak eduki ordez, batzar politiko baten bitartez kudeatzea eta kasualki, udal gobernuak osatuko zuena, hau da, EAJ-PNVk gehiengo osoarekin. Egia esateko, hasieran, sozietateak bere xedeak errespetatu egiten zituen, Puntaleko bigarren faseko etxe-promozioetan parte hartuaz (1995) edota Errebellin kaleko etxebizitzetan (1998). Baina 1996ean, erabaki ofizialik eta udalbatzatik pasa gabe, Hondarribia Lantzenek Kiroldegiaren kudeaketa bere gain hartu zuen, Udalaren eskumena izan beharko lukeena. Hortik eratorritako kudeaketa eta kontrataziorako muga administratiboek ekarri dute gaur egungo Kiroldegia dagoen egoeran egotea, inbertso eta mantenu mailei dagokionez.


Eta atzera begiratuaz, azkeneko 25 urteetan, Lantzenek ez du bere helburuetan jasotzen ziren funtziorik bete, nahiz eta EAJ-PNV Udalean zein Lantzeneko batzarrean gehiengo osoz egon. Beno, kasu bakar batean erabili zuten bakarrik: Sal-erosketa prozesuan Zaldunbordako lurrak EAJ-PNV-k nahi zuenari emateko baliatu zuten Hondarribia Lantzen.

Gehiago omen gaude atzera begiratzeko eta gauzak desegiteko, baina beharrezkoa da askotan atzera begiratzea eta hausnartzea, egoera zuzentzeko eta etorkizunean gauzak egoki eta legalki egiteko. Garbi esan nahi dugu ere, PSE-EEk eskatzen duen beste hiri-eredu bat garatzeko ez zela honelako zulo ilun baten beharrik eta ez dugula haien kontrako bozka ulertzen, kontuan hartuta, Etxebizitza sail bat sortzea dela gure asmoa eta langile kualifikatuz osatuta egongo den arloa izan beharko duela gure hiri-eredua zuzenduko duena.


Eta azkenik, beste behin ere, EAJ-PNVri maila politikoa eskatzen diogu eta ez dezala alarma sozialik sortu, kasu honetan, Kiroldegiko 40 langileen egoeraren kontura. Badakite oso ondo ez dela aldaketarik egongo Lantzen deseginda ere, beraz, jarrera suntsitzaile eta alarmista alde batera utzita, proposamenak egiteko ordua ere iritsi beharko zaie.

Hondarribian, 2024ko uztailaren 11a
Abotsanitz Udal Taldea

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta