Ia urtebete daramagu gobernuan eta ez da aste bat izan, oposizioko lehen alderdiak aukera baliatu ez duenik komunikatu erasotzaile bat bidaltzeko, gaia edozein dela ere. Eta hor dago gakoa: Edozein gaik balio die. Garbi geratu da edukia edo mamia ez zaiela axola, formak baizik.
Oposizioa egiteko modu hau (oinarririk gabea eta erabat erasokorra) arriskutsua da, gezurrak ere askotan kabida baitu higadurarako agintaldi honetarako. Aurreko kudeaketa ereduak gainezka egin zuen, eta orain guri dagokigu kudeaketa justu eta garden bat martxan jartzea. Hori da jendeak espero duena eta garatzen saiatzen ari garena, zintzotasun osoz.
Kiroldegiak eskaintzen dituen udako ikastaroen prezioen igoeraren inguruan, gardentasun osoz, prozesu honetan gertaturikoa azaldu beharrean gaude, puntuz puntu. Urteetan, hainbat ikastaroetan desoreka nabarmen bat egon da prezioetan, hamarkadetan ezarritako sistema desegoki baten ondorio: ikastaro batzuek 0,44€/ordua-ko tarifa zuten, garestienek 4,75€/ordu-koa zuten bitartean. Hortik abiatuta, gaur egun zerbitzua kudeatzen duen enpresak proposamen bat helarazi zuen, egoerarik erradikalenean, 0,44€/ordu-tik 2,25€/ordu-rako igoera ematen zenean ikastaroko tarifetan. Beste batzuetan ere, jaitsierak eman direla ere aipatu beharko genuke, egia mahai gainean jartze aldera, kasurako Padel edota Cycling ikastaroetan.
Proposamen hori Hondarribia Lantzenera eraman zen (maiatzaren 2an). Bertan, alderdi politiko ezberdinek, EAJ-PNV barne, denbora gutxiegi zegoela eta, erabakia atzeratzea eskatu zuten, gaia aztertzeko eta proposamenak egin ahal izateko. Astebete beranduago, maiatzaren 9an berriz bildu zen Hondarribia Lantzen eta bertan, ez zen inongo ekarpenik jaso eta proposamenak ez zuen oposiziorik eduki. Izan ere, Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEk aldeko bozka eman zuten eta EAJ-PNVk abstentzioaren alde lerrotu ziren, enpresak helarazitako proposamenean.
Hauek izan dira ekintzak, herritar ororena ondorioak ateratzea.
Honekin, EAJ-PNVren jarrera baldarra salatu behar dugu, aurkezturiko proposamenarekin alarmismoa bilatzea baitzuten helburu bakartzat. Bestetik, gezurra esan dute, batzordean ez baitzuten desadostasunik adierazi, abstentziora jotzeko hautua egin baitzuten eta azkenik, gogoratu nahi diogu EAJ-PNVri politika batzordeetan ere egiten dela, proposamenak eginaz, eta ez bakarrik komunikabideen bitartez nahasmena sortuaz.
Amaitzeko, bi aipamen egin nahiko genituzke. Batetik, herritarrei lasaitasun mezu bat helarazi, adieraziz kiroldegiko kuota orokorren igoerarik ez dela eman eta bestetik, EAJ-PNVri premiaz eskatu nahi diogu Hondartzako kirol eremuko lurren transferentzia has dezala lehen bait lehen, Aitor Esteban herrian egon zenetik urtebete igaro da eta egoerak berdin jarraitzen baitu.
Hondarribian, 2024ko maiatzaren 30an