ABOTSANITZ TALDEAREN 2023ko KREDITU ALDAKETARAKO PROPOSAMENAK

Gobernu taldeak 12 miloi euroko kreditu aldaketa proposatu du. Aurkeztu duten proposamena oparoa den arren, herritarrak asko kezkatzen dituen hainbat alderdi kanpoan utzi dituzte. Etxebizitzaren gaia ez da jorratzen, Arrantzale auzoaren egoera hobetzeko neurririk ez dugu topatu eta aparkalekuen gaia ez dute abordatzen.

Honen aurrean hutsune hauek beteko dituen 7miloi pasatxo dituen proposamena egin dugu. Gobernu taldeak bihotz-zabaltasuna erakutsi duenez, gure proposamenak onartuak izateko aukera handiak ikusten ditugu.

7.381.000 €ko proposamena  arloka egituratu dugu:

ETXEBIZITZA 4.975.000

Arlo honetan Damarrin Babestutako etxeak egiteko,  helduentzako pisuak garatzeko proiekturako, etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzetarako eta degradatutako etxebizitzak birgaitzeko laguntzetarako  partidak  sartu ditugu.

PERTSONAK eta ELKARTEAK 395.000

Arlo honetan Alde batetik, pertsona zaurgarrieneko arreta hobetzeko partidak sartu ditugu, zahartze aktiborako, itun sozialerako eta berdintasunerako  baliabide eta politikak garatzeko.  Bestetik, kirola sustatzeko,  auzoetako kirol-guneak berritzeko eta hondartza inguruko skate eta bizikleta pista egokitzeko  proposamenak egin ditugu.

INGURUMEN POLITIKA  325.000

Arlo honetan sartu ditugu eraikin publikoetan eguzki plakak jartzeko programa garatzeko, Goikoerrota birgaitzeko, Ibai eta Itsasbazterrak garbi mantentzeko eta  Jaizkibel mendia babesten laguntzeko Udal basozaina kontratatzeko partidak.

MUGIKORTASUN POLITIKA  326.000

Oinezkoentzako eta bizikletentzako hobekuntzak, garraio publikoa sustatzeko eta ibilgailu propioaren erabilera eta aparkamenduren gaiak abordatzeko neurriak proposatu ditugu arlo honetan.

EKIPAMENDUAK 1.290.000

Auzoek dute protagonismoa arlo honetan. Arrantzale-auzoa, Alde-Zaharra, Pasaia kalea eta Arkoll auzoa birgaitu eta biziberritzeko proposamenak egin ditugu. Gainera, herrian zehar Wifi sare publikoa jartzeko partida ere sartu dugu.

EUSKARA 70.000

Euskararen aldeko apustu irmoa egin behar da. Horregatik arlo honetan sartu ditugu Euskararen erabileraren ikerketa kualitatiboa egiteko, euskararen kale erabilera sustatzeko iharduerak antolatzeko eta Nerabeek euskaraz trebatzeko programa garatzeko partidak.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta