Bete behar ez duenak adina inork ez du promesten

Udaberri politikoaren adierazleak non-nahi ikusten hasiak gara. Adibidez, hautagairen baten argazki eta publikazio kopuruaren igoera esponentziala; ordezkari instituzionalen bisita etengabeak, denbora luzean mugitu ez diren proiektuen berraktibazioa edo bete ezingo diren promesak egitea. Bai, maiatzean hauteskundeak ospatuko dira, Udal eta Foru hauteskundeak, alegia.

Urteetan ahazturik egon den, baina azkenaldian indarra hartu duen proiektu horietako bat Mendelu auzoko birgaitzearen proiektua da. Auzo-elkarte  eta auzokideek sufritu eta borrokatu behar izan dutena txalotzekoa da, eta proiektua martxan jartzearen meritua beraiena da batik bat. Baina ezin dugu ahaztu, Udal eta Foru hauteskundeak hiru hilabete barru direla.

Gainean dugun garai honen aurrean memoria egitea komeni zaigu. 2019ko urtarrilean, Alkateak, Mendelu-Eskapatxulorako plan berezia aurkeztu zuen. Erabakirik hartu ez zen arren, promesak egin ziren. Nolanahiko hitzemateak gainera! Momentu horretan Abotsanitzek beste behin Kea saltzen ari zela salatu zuen.

Handik lau hilabetera hauteskundeak ospatu ziren, PNVk gehiengo absolutua lortu zuen eta Mendeluko bizilagunak ahanzturan gelditu ziren berriro ere.

Gobernuan ez dauden alderdi eta herri-eragileengandik (Abotsanitz, Balazta, Podemos+EH Bildu…) babesa eta laguntza jasotzen hasi zen Mendelu auzo-elkartea. Kolaborazio honekin auzokoen beharrak eta aldarriak udaletik administrazioaren hurrengo mailara igotzea lortu zen. Hain zuzen, Aintzane Oiarbide diputatu den Batzar Nagusietako Bide azpiegiturako Batzordean Mendeluren arazoa eztabaidagai izan zen.

Zoritxarrez erakunde honek ere ez zituen aintzat hartu auzokide zein balaztako kideen aldarri nagusiak (errepidearen trafikoa jaisteko neurriak, soinu panelak, bidegorri segurua, etab.) eta egoerak berdin edo okerrera egin du auzotarrentzat.

Hilabete luzez, administrazioek ezikusiarena egin ondoren, auzokideek determinazioz ekin zioten aldarrikapenei. Manifestazioa egin zuten eta 2022ko Abenduko udalbatzan mozioa aurkeztu zuten. Aho batez onartu zen mozioa. Alde batetik, alderdi guztiek eta auzo elkarteak osatuko zuen mahai bat eratzea eskatzen zen eta, bestetik,   auzoaren zaharberritzea martxan jartzea.

2023ra iritsi gara dagoeneko, UDAL eta FORU hauteskundeen atarira. Beteko ez diren promesak egiteko garaira.

Testuinguru honetan kokatu behar dugu Txomin Sagarzazu Alkatea eta Aintzane Oiarbide Foru Diputatuak aste honetan eskainitako prentsaurrekoa. Mugikortasuna aztertzeko erakunde arteko mahai bat eratzea proposatu dute. orain arte lanean aritutako eragile sozial eta alderdi politikoak informatu gabe, inolako zehaztasunik gabe eta helburu zehatzik jakin gabe.

Mendeluk konpromisoak behar ditu, ez promesak. Behin eta berriro irteera-laukira ez bueltatzen aritzeko, lan politiko zuhur eta zuzena egin dadin exijitu behar dugu. Eta, noski, bizilagunei ke gehiago ez saltzea.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta