Poztu eta harrotasunez betetzen gaitu, PNVren neurriko batek, gure baliabide xumeekin egindako kiroldegiko tarifei buruzko kanpaina definitzea “bizia” bezala.
Kiroletako zinegotzia den Kalixa Silanesek, gobernu taldearen ordezkari gisa, Hondartza kiroldegian aplikatzen diren tarifei buruzko datuak eta errealitatea desitxuratzea leporatu digu prentsaurrekoan.
Abotsanitzetik urteak daramatzagu kiroldegiaren kudeaketa eredua zalantzan jartzen eta, ildo horretatik, beharrezkotzat jo genuen Hondarribiarrei Gipuzkoako kiroldegietako tarifen inguruan Donostiako Udalak eskatutako txostenaren ondorioen berri ematea. Txosten horren arabera, zerbitzuen/prezioaren araberako tarifarik garestiena Hondarribiko kiroldegikoa zen.
Arlo militarrean, bando propio edo aliatutik datozen tiroei deitzen zaie “su-lagun”. Izan ere, zabaltzen ari garen taulako datuen iturria Eneko Goia buru eta PNVk gobernatzen duen Donostiako Udalak aurkeztutako txostena da. Beraz, norbaitek espekulatzeko datuak manipulatu baditu, PNV bera izan da eta ez Abotsanitz.
Prentsaurreko berean, Kalixak adierazi du gobernu taldeak babestu eta indarrean jarri duen ereduan kiroldegiaren funtzionamenduaren kostuak erabiltzaileek beren gain hartzen dituztela. Aldiz, ez du aipatu kiroldegia ireki zenetik zerbitzu publiko honen pribatizazioa bultzatu dutela, zerbitzuen kudeaketaren erantzukizuna sektore pribatuaren eskuetan utziz.
Galdetu al diete herritarrei hau al den nahi dugun kiroldegi eredua?
Nahi den ereduari buruzko hausnarketak oposizioarekin partekatzen saiatu al dira?
XX. mendearen amaieratik daramagu tarifa-eredu honekin.
Beharrezkotzat jotzen dugu, eta hala adierazi dugu behin eta berriz Hondarribia Lantzen enpresako administrazio-kontseiluan, tarifak instalazioen egungo erabilera-ohituretara egokitzeko azterlan bat egitea. Gobernu taldeak egungo tarifen zenbatekoa eta formatua defendatzen ditu, argudiatuz erabiltzaileak sarbide librea duela instalazio guztietara, eta hobeak eta ugariagoak direla beste kiroldegi batzuekin alderatuta. Gure ikuspuntutik, “Pack Todo incluído” hori, berrikusi beharreko beste kontu bat da, erosteko ahalmen handiagoa duten erabiltzaileei mesede egiten dielako eta ahalegin handiena egin behar dutenei edo instalazio jakin batzuk soilik erabili nahi dituztenei kalte egiten dielako.
Urteetan zehar egindako inbertsioei dagokienez, ez ditugu beti babestu kontseilu-buruaren proposamenak; batzuetan, uste izan dugulako aipatutako inbertsioa enpresa esleipendunari zegokiola eta ez Hondarribia Lantzen enpresari. Besteetan, aldiz, zalantza handiak izan ditugulako kontratazio publikoaren legea betetzen ari ote zen. Hala ere, Gure ezezkoa ez da inola ere erabakigarria izan instalazioen egungo egoeran; izan ere, instalazioak behar bezala berritzeko diseinatu beharreko urteko inbertsio-planak PNVren ardura izan dira, Hondarribia Lantzen enpresan ordezkaritza duen beste talde politikoekin ez baitute plan horren diseinuan parte hartzerik izan. Beraz, instalazioen osasunaren arduradun zuzena PNV da.
Gaur egun, Hondartzako eta Jostaldi pilotalekuko kirol-instalazioen kudeaketa eta ustiapena zerbitzu-kontratu formatuan esleitzeko pleguak idazten ari dira. Erabakiak hartzeko unea da, behar sozial berriak eta egungo ohiturak aztertzekoa, eta gai horiei guztiei arlo publikotik erantzutekoa. Herritar guztientzako eskuragarria eta Kalitatezko zerbitzu publikoa bermatuko duten pleguak ziurtatuko ditugu.