LEGE OINARRIRIK GABE 1.000.000 € EMAN NAHI DIZKIO PNVk KIROLDEGIA USTIATZEN DUEN ENPRESARI

Hondarribiko kirol instalazioen kudeaketa Kirolzer, S.L. enpresari esleitua dio Hondarribia Lantzen ekarpen publikoz eratutako enpresak 2013. urteaz geroztik. Honela, Hondartza Kiroldegia eta Jostaldi pilotalekua ustiatzen ditu adierazitako enpresak.

Bada, 2020. urtearen amaieran enpresa lizitatzaileak kontratuarekin ez jarraitzeko idatzia helarazi zuen Hondarribia Lantzen eta Hondarribiko Udalera. Administrazioak ez zion idatzi horri eta hurrengo idatziei erantzun ere egin, nahiz Kirolzerrek momentu horretan 400.000 € inguru zor zituen ustiapenaren kanonaren kontzeptuagatik. Egoera irregularrean kudeatu ditu kirol instalazioak gobernu taldearen jardun faltagatik. Gainera zorra pilatuz joan da egungo 650.000tik gorako zorra sortu bitarte.

Bada orain, PNVk gehiengo osoa baliatuz, Kirolzer S.L.ri 2020, 2021 eta 2022 ekitaldiei dagokien oreka ekonomikoa egitea proposatzen du 2022an.

Esan beharra dago, berroreka hori emateko bi baldintza bete behar direla:

  1. Dagokion administrazioak zerbitzua ematera behartu behar du enpresa lizitatzailea.
  2. Enpresa lizitatzaileak berroreka eskatzeko argudio guztiak dokumentuz justifikatu behar ditu.

Hondarribian ez da lehen baldintza ez eta bigarrena ere gertatzen. Hondarribiko EAJko gobernuak inoiz ez dio Kirolzerri zerbitzuarekin jarraitu behar duenik jakinarazi. Kirolzerrek horrela adierazi izan du udalean erregistratu dituen hainbat idatzitan. Baina, are gehiago, Kirolzerrek eskatu izan dituen berroreka kopuruak inoiz ez ditu dokumentuz osatu.

Abotsanitz Udal Taldeko kideok behin eta berriro aldarrikatu izan dugu Kirolzerrek zuen zorra nahiko arrazoi zela kontratua eten eta beste kudeaketa bat egiteko, baina inoiz ez da gure eskariei ere erantzun. Behin eta berriro esan dugu diru publikoa izaki, kontu guztiak oso argiak izan behar zutela eta adostasunean oinarritutako konponbide batetara iritsi behar genuela.

Miloi bat euro inguruko ordainketa egitea proposatzen du PNVk, beste taldeon adostasunik gabe. Diru publikoa, inolako justifikaziorik gabe, enpresa pribatu bati ematea onargaitza dela iritzi diogu. Abotsanitzek dagozkion administrazio guztietan defendatuko du herritar guztion ekarpenez bildutako baliabideak modu egokian kudeatzea. Horretarako udal teknikariei, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Lehiaren Euskal Agintaritzari babesa eskatuko dio egoera honek ekar ditzakeen galerak defendatu asmoz.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta