2022ko urriaren 27ko udalbatzarako mozioak

Ostegun honetan, Urriak 27, ohiko osoko bilkura burutuko da Hondarribiko udaletxeko areto nagusian. 18:00etan hasiko da. Abotsanitz Udal Taldeak hiru mozio aurkeztu ditu bertan eztabaidatzeko:

Genero ikuspegiaz eta berdintasun politikaz

Lehen mozioa berdintasun politikak gauzatzearen ingurukoa da. Hondarribiako I. Berdintasun plana 2020ko martxoan onartu zen. Bere gauzatzea bermatuko zuten baliabide gabe jaio zen eta gaur egun garrantzitsuak diren tresna eta faseak burutu gabe daude. Ondorioz, udalak burutzen dituen ekimen eta politiketan genero ikuspegi falta nabaria da eta  berdintasunaren izenean egin diren ekimenak irizpide teknikoek markatutako helburuei erantzun beharrean,  irizpide estetikoei erantzuten die.

Hau dela eta eskatzen dugu berdintasun mahaia eratzea, urteko helburuak eta lehentasunak zehaztuko dituen  plangintza-dokumentu operatibo bat sortzea, berdintasun edukiak garatzerako orduan zorroztasun teknikoa bermatzea homologatutako enpresekin lan eginez eta politika hauek garatzeko frenoa izan den Alardearen gatazkarako konponbidean benetako konpromisoa berrestea.

Eragin linguistikoaren ebaluazioa arautzeko proposamena

Udalerrian egiten diren proiektuek euskararen ezagutzan eta erabileran izan ditzaketen eraginak ebaluatzearen beharraz ari da bigarren mozioa. Hondarribian berriki jaso dugu Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabileraren inguruan eginiko kale azterketa eta bertatik ondorioztatzen da

euskararen erabileraren bilakaera beheranzkoa dela eta euskararen ezagutza maila eta erabileraren artean diferentzia nabarmena dagoela.

Tendentzia hau iraultzen laguntzeko, herri ordenantza bat burutzea proposatzen da Hondarribian gauzatzen diren plan eta proiektu pribatu zein publikoek bertako euskararen errealitate linguistikoan izan ditzaketen balizko eraginak aurreikusteko, identifikatzeko eta ebaluatzeko. Ebaluazio honek, inpaktu kaltegarriak konpentsatzeko neurriak ezartzea ahalbideratuko du euskararen erabileran ahalik eta kalte txikiena sortzeko helburuarekin.

Aurrekontu parte-hartzaileak egiteko proposamena

Hirugarren mozioan herritarren parte hartzeaz mintzo gara. Abotsanitzen filosofiaren oinarri izanik, beti bultzatu izan dugu herritarrek udalbatzetan, udal batzordeetan, gai konkretuetako foroetan, aurrekontuen osaeran eta beste esparrutan  parte har dezaten. Prozesu hauek herri administrazioaren eta herritarren arteko loturak eta konpromisoak sendotzen ditu,  herriaren kudeaketa gardenagoa bihurtzen du eta herritarrek egin dezaketen administrazioaren gaineko kontrola areagotzen du.

Horregatik, Abotsanitzen proposamena da, Udalak,  2023 urterako Aurrekontu Orokorra abiatzeko prozeduran sar dezala herritarren parte-hartzeko prozedura bat eta herritarrek proposatu eta erabakitako proiektuak gauzatzeko 450.000€ko partida bat egon dadila.

Mozioez gain Boto Partikularra

Udalbatzako 6. gaia Ikastetxeak eta udal eraikinak garbitzeko eta desinfektatzeko zerbitzua emateko kontratuaren luzapena onartzea da. Puntu honetan, boto partikularraren bitartez, proposamenean aldaketa batzuk aurkeztu ditugu.  

Kontratua berritzeko Abendurarte dago denbora, horregatik,  enpresa eta langileen arteko negoziaketa ez oztopatzea eta  negoziazioari denbora ematea du helburu aldaketa-proposamen honek.

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta