MURRIZKETEI ETA BALDINTZA EZ-DUINEI, LUZAPENAREKIN ERANTZUN DU UDAL GOBERNUAK GARBITZAILEEN AUZIAN

Ostegun honetan, hilak 20, 8 hilabetez garbitzaileen aldarrikapenei erantzunik eman gabe, hitzarmena berritu gabe eta honen ondorioz eskola komunitateak duen haserrearen erdian, Udalerri batzordean onartu da osoko bilkurara eramatea “Hondarribiko ikastetxe-eraikinak eta udal-eraikinak garbitzeko eta desinfektatzeko zerbitzuaren kontratua – ISS FACILITY SERVICES, S.A. – enpresarekin sinatua- beste urte batez luzatzea”

2021eko abenduaren 2ko udalbatzan EAJren gehiengoz ISS FACILITY SERVICES, S.A.-ri esleitu zitzaion zerbitzua eta Abenduaren 29an sinatu zen urtebeterako kontratua. Kontratuaren 4.klausularen arabera, gehienez lau luzapen izan ditzake, bakoitza urte betekoa. Zerbitzuaren urteko gastua 968.331,76 eurokoa eta %21 BEZ gehitu behar zaiolarik, beste 203.349,67. Guztira, 1.171.681,43€

Abotsanitzek hasieratik defenditu du udalaren funtzionamendurako ezinbestekoak diren lanak udal langileez hornitu behar direla eta udal eraikinen garbiketa ezinbesteko lana da. Kolektibo feminizatu honek 153 greba egun bete ditu dagoeneko.

Astelehenean Maria Serranok SER irratian adierazi zuen Udala prest zegoela lehiaketa berri bat ateratzeko, plegu berri batzuk idazteko, garbiketa-zerbitzuan lan egiten duten pertsonentzat hobekuntzak kontuan hartuz. Gaineratu zuen pleguetan hobekuntza horiek jasotzeko, hitzarmen berri bat behar dela eta ez dela udalari dagokion lana hitzarmena berritzea, baizik eta langileen eta enpresaren arteko akordioa izan behar duela. Baina udalak ardurak ditu gai honetan, izan ere zerbitzu publiko bat den heinean, zerbitzua ematen dela eta langileen lan-baldintza duinak bermatu beharko lituzke.

Zoritxarrez, enpresaren alde aritu da gobernu taldea; ISS negoziatzera presionatu eta lehen bait lehen hitzarmena sinatzeko exijitu ordez, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari ikastetxeen garbiketa oinarrizko zerbitzutzat hartzeko eskatu dio (zerbitzu minimoak %100ra igotzeko), garbitzaileak gehiago estutuz.

Denbora agortzen ari dela eta batzordera dakarte Hondarribiko ikastetxe-eraikinak eta udal-eraikinak garbitzeko eta desinfektatzeko zerbitzuaren kontratua – ISS FACILITY SERVICES, S.A. – enpresarekin sinatua- beste urte batez luzatzea, baldintza administratiboen eta baldintza teknikoen pleguetan eta aurkeztutako eskaintzan ezarritako baldintzetan.

Adierazi nahi dugu ezin dugula ulertu kontratua bete ez duen eta hainbat kalte eragin dituen enpresa bati urtebeteko luzapena ematea. Ez gaude ados proposamenarekin eta horregatik Abotsanitzek alternatiba egokiago bat landuko du udalbatzari aurkezteko. Hala ere, PNVren udal gobernuari eskatzen diogu arduraz joka dezala eta negoziazioa bultza dezala.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta