GARBITZAILEEN ALDARRIKAPENEI BIDEA

2022a kolekibo feminizatuen aldarrikapenen urtea izan da; zaintza edo garbiketa bezalako sektoreen aldarriak lehen lerroan kokatu dira. Ohar honekin, azpimarra garbiketa sektorearen jarri nahi dugu. Euskal autonomi erkidegoan makina bat greba deialdi eta protesta ekimen burutu dituzte garbiketa-langileek: Bizkaiko eraikinetako garbitzaileak, Deustu unibertsitateko garbitzaileak, Araban Osakidetzako garbitzaileak, Gipuzkoako foru-aldundiko eraikinetako garbitzaileak eta agian denetan sonatuena Guggenheim Museoko garbitzaileena izan da,  285 greba egun ondoren, 2022ko martxoan, akordiora iristea lortu zuten.

Gurean ere, Udal eraikinen garbitzaileek borroka luzean diraute beraien lan-baldintza duinen alde:  Urtarrilaren 1an hasi ziren negoziatu nahi zutela aldarrikatzen. Kontzentrazio eta greba egunak deitu eta beraien egoerak berdin jarraitzen zuela ikusirik, greba mugagabea deitzea erabaki zuten. Honela, Irailaren 1an 119 greba egun bete dituzte jada eta gatazka konpontzeko borondate gutxi leporatzen diote bai enpresa zein udalari.

Uda garaian udal eraikin askoren aktibitatearen etetearekin edo murrizketarekin  grebaren eragina nahiko oharkabean pasa da eta abagune hori aprobetxatu dute bai enpresak zein udalak langileen aldarrikapenei ez erantzuteko. Irailaren 1an greba mugagabea hasiko zutela aspalditik iragarrita zegoen arren, ez dute eskola garaiaren hasieran sortuko ziren arazoak saihesteko mugimendurik egin.

Argi et garbi utzi nahi dugu haur eta lehen hezkuntzako eskola publikoen garbiketa Udalaren ardura dela gainontzeko udal eraikinena bezala, eta zerbitzuaren gaineko kontrola egin behar duela derrigor: kalitatezko zerbitzua ematen dela bermatu eta, kasu honetan, azpikontratatutako enpresak langileen lan-baldintzak betetzen dituela kontrolatuz.

Udalari eskatzen diogu, egoera honekin amaitzeko pausuak eman ditzala. Nabarmen erakusten ari den bezala, enpresaren alde agertu beharrean, langileen lan baldintza duinak berma ditzala. Azken egun hauetan Alkateak adierazi du Udalak zerbitzu honetarako dotazio ekonomikoa gehitu zuela 2021ko abenduan; egun 1.200.000 eurokoa izanik bere balioa. Kopuru nahikoa dela deritzogu langileen baldintzak bermatzeko.

Horregatik Hondarribiko EAJko udal gobernuari, beste lekuetako eredua jarrai dezan exijitzen diogu. Arrasateko kasuan, EAJk PSErekin gobernatzen du eta izaera berdineko gatazka baten aurrean, Ogasuneko eta Zerbitzuetako zinegotziek Irailean eginiko prentsaurrekoan adierazi zutenez “Pilota azpikontrataren teilatuan dago eta enpresari  eskatzen diogu langileekin akordio batera iris dadin, haien soldata-duinen eskaria asetzeko adinako diru-hornidura baitago”. Hondarribiako alkateari Jarrera berdina erakuts dezala eskatzen diogu.

Gainera, abenduan amaituko den kontratuaren aurrean dauden alternatibak aztertzen hasteko ere eskatzen diogu, hala nola, garbitzaileak udal langileak bihurtzea, kontratazio deialdi berri bat egitea edo, azken finean, Hondarribiarentzat aukerarik egokiena izan daitekeen hori bilatzea.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta