Hondartza kiroldegirako kudeaketa publikoa aldarrikatzen dugu

Hondarribiko Udalaren jabetzakoak diren Hondartza Kiroldegia eta Jostaldi pilotalekuaren kudeaketa Hondarribia Lantzen S.A udal sozietate publikoak du. H.L.ek kirol instalazioen ustiaketa Kirolzer S.L. enpresari esleitu zion eta Jatetxearen ustiaketa, aldiz, Ardora Jatetxeari.

2015 urteaz geroztik, Abotsanitz Udalera iritsi zenetik, behin eta berriro aritu gara kontsezio-kontratu honen irregulartasunak salatzen. Ez gara bakarrak izan, izan ere,  2014an Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ere irregulartasunak salatu zituen; ordurako,  Kirolzer S.L enpresak kontratuak aurreikusitako moduan kanonak ez ordaintzeagatik zorra zuen Hondarribia Lantzenekiko.

Egoera horretan, 2016 amaieran, kontratuaren epemuga iritsi aurretik, Abotsanitzek kirol instalazioak modu zuzenean kudeatzea proposatu zuen edo bestela, ezinbestean, plegu berrien bitartez esleitu beharra zegoela. Ordezkaritza genuen talde guztiek bagenekien jada 2012an eginiko pleguen betetzeak zailtasunak eragiten zituela eta Hondarribiko udalak baldintzetan aurreikusi gabeko laguntzak ematen ari zitzaizkiola  Kirolzer S.L. enpresa ustiatzaileari.

Hurrengo urteetan kontratuaren arau ekonomiko-finantzarioaren ez-betetzeak jarraitzen zuen, eta enpresak ordaindu beharreko kanonak berandu eta modu desegokian ordaintzen segitzen zuten. Pleguek jasotzen zuten kontratuaren ez-betetzearen ondorioz kontratua indar gabe gera zitekeela eta eragindako kalte-galerak ordaindu beharko lituzketela.  Egoera honetan, 2019an berriro ere, Abotsanitz Udal Taldeak , Kirolzerrekin kontratua etetea eta kudeaketa zuzena egitea planteatu zuen. Hori egin ezean, plegu berriak martxan jartzea eskatu zuelarik.

EAJren udal-gobernuak aldiz, arazoari aurre egin eta irtenbidea eman ordez, ez du ezer egin nahi izan. 2019 erditik aurrera Kirolzer S.L.k ez du kontratuan aurreikusitako kanonik ordaindu. Enpresa ustiatzaileak Hondarribia Lantzenekiko zorra 700.000 eurotik gora iritxi delarik. Bestalde, 2020ko martxoan Covid-19 gaixotasunak eragindako pandemiak egoera larritu du eta arauz eman beharreko berroreka ekonomikoari PNVko gobernuak ez diolarik legezkotasunean eman beharreko erantzunik eman.

2020ko Abenduaren 31an Hondartza Kiroldegia eta Jostaldi pilotalekua kudeatzeko kontratua iraungi zen; beste aukera garbi bat irekitzen zen egoera irauli eta udal interesen alde lan egiteko. Baina aukera baliatu ordez, enpresa kudeatzailea kontratuaren behartutako-prorroga egitera behartua izan da eta arazoa bideratu beharrean, are eta sakonagoa egin da geroztik.

Urte horretatik, 2020an  pandemiak eragindako egoera kontutan hartuta, kirol instalazioen kudeaketa eta finantzazio arazoak zirela eta,  Kirolzer S.L enpresa eta udal gobernuaren arteko harremanak okerrera egin zuen eta ez dira zuzentzeko gai izan.  Enpresak udal gobernuari leporatzen dio denbora guzti  honetan bidalitako mezu andanari erantzun ez izana, irtenbiderik eman ez izana, konponbiderako urratsik egin ez izana. Enpresa kudeatzaileak dio ez duela baliabide nahikoa akordatutako aktibitateari eusteko eta eguneroko jardueran ondorioak izan ditzazkela. Kirolzerrek adierazi du kiroldegiaren ustiaketarekin ezin duela gehiago jarraitu eta Hondarribiko Udalak har dezala kiroldegiaren ustiaketako ardura.

EAJko agintariek, beste behin, gainontzeko taldeoi nahikoa informazio eta azalpen eman gabe, urgentziazko lasterbide bat egin nahi du kiroldegiaren ustiaketaren ikuspegitik. Urte hauetan zerbitzu honek izan duen bilakaera ikusita eta enpresaren aldarriak ikusirik, geroz eta argiago daukagu kiroldegiaren kudeaketak propioa behar lukeela, azpikontrataziorik gabekoa.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta