Urteak daramatza Hondarribiak aparkaleku-faltaren arazoa pairatzen. Neguan arazoak dauden arren uda-garaian beste dimentsio bat hartzen du eta aurten inoiz baino bistakoagoa da. Hainbat aldagaik eragiten dute fenomeno honetan, hala nola, turismo-kanpainen “arrakastak” eragindako bisitarien gorakada-geldiezinak zein martxan jarritako “Asfaltatze kanpaina”k.
Proiektu honen xedea da “herriarentzat mugikortasun justuagoa, iraunkorragoa eta seguruagoa bermatzea erabiltzen den garraiobidea edozein dela ere”. Abotsanitzek izpiritu hau konpartitzen du, neurri gehienak Mugikortasun planean jasotzen direlako eta etorkizuneko herri eredu jasangarriarekin bat egiten duelako.
Abotsanitz ez dago neurrien kontra, bai ordea, lehentasunak finkatzeko erabilitako irizpideekin, eta mugikortasun planean agertzen diren ekintzak egiteko hautatutako hurrenkerarekin. Aparkaleku asko galdu dira inolako alternatibarik jaso gabe. Planifikazio txar honek bizilagunen egunerokoa asko zaildu du: Bizi-kalitatean eragiten du, estresa sortzen du eta herritarren artean nekea eta haserrea agerikoak dira.
Martxoan, gai hau landu zen batzordean, harridura adierazi genuen obren datak zirela-eta. Batzorde hartan, gure kezka adierazi genuen biztanleek izan zitzazketen aparkatzeko-arazoak zirela eta. Horregatik, eskatu genuen bizilagunentzako aparkaleku ezberdinduak finkatu zitezen obrak hasi aurretik, baina ohikoa den moduan ez zuten aintzat hartu.
Aparkaleku galera honen eraginaren inpaktu-azterketa bat egitea eskatzen dugu, gaur egungo errealitatera egokitutakoa. 2020an egin zen aparkalekuen azterketa zaharkitua gelditu da egoera urbanistiko berria baitaukagu, eta Hirigintza plan berria lantzen ari garen honetan inoiz baino beharrezkoagoa da eguneratutako informazioarekin lan egitea.
#Hondarribianbizinahidugu