OSASUN ZERBITZU PUBLIKOA ARRISKUAN

Atzo, uztailak 12, Osasun Bidasoa Plataformako kideak eta Hondarribiko udala osatzen dugun taldeko bozeramaileak bildu ginen, plataformak hala eskatuta.  Aspalditik, Abotsanitzek zein beste eragileek salatu izan dugu EAJren politika liberalek, zerbitzu publikoak pribatizaziora bultzatzen ari direla.

Osasun langileengandik jaso dugun informazio eta datuek joera hau baieztatzen dute eta egoera pentsa genezakeena baino larriagoa da:

Profesionalen gabezia fenomeno orokorra den arren, OSI Bidasoaren egoera beste OSIena baino okerragoa da eta honen arrazoia azken urteetako langile-kontratazio politika dela adierazi dute. 95.000 erabiltzaileentzako 49 mediku eta 50 erizain daude lehen arretan.

Bidasoa Ospitaleko egoera are larriagoa da: hainbat espezialitate galdu ditugu, Urologia kasu; beste batzuk, galzorian edo gutxieneko-zerbitzuetan. Inoizko itxaron-zerrendarik luzeenak daude espezialitate askotan: Uztailaren 11n, 226 egun traumatologiarako, 85 egun oftalmologiarako eta hitzordu erabilgarririk gabe, ez urologiarako ezta ekografiak egiteko ere.

Plataformak, gaurko eta etorkizuneko osasun-beharrei modu egokian erantzuteko, azterketa sozio-demografiko baten beharra aldarrikatzen du. Beraien ustetan, zerbitzu duin bat bermatzeko, azterketa honen ondoriak etorkizuneko politiken abiapuntu izan beharko lukete. 

Abotsanitz udal taldean kezkatuta gaude herritarrek paira dezaketen babesgabetasun egoera honekin eta plataformaren aldarrikapena babesten dugu.

Gaur, uztailak 13, Irun eta Hondarribiko alkateek Gotzone Sagardui sailburuarekin hitzordua dute eta jasotako informazio hau dagokion larritasunez helaraztea eskatzen diegu.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta