Justiziari desafioa eta herriarekiko arduragabekeria

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) obra-lizentzia baliogabetzat jo eta bi hilabetera Gabarrari kaleko beilatokiari jarduera-lizentzia eman izana, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk eta EAJk justiziari botatako desafioa da, baita herriarekiko arduragabekeria ere. Alkateak ez die jaramonik egiten ebazpen judizialei, bere ekintzek izan ditzaketen ondorioak kontuan hartu gabe, esaterako, herritarrek pairatu ditzaketen ondare-erantzukizunak.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) baliogabetzeak ondorioak ditu. Ondorioetako bat da EAEANk martxoan emandako epaia. Epai horrek agintzen du bere garaian Inmorekalde 21 enpresari emandako eraikuntza-lizentzia baliogabea dela eta 1997ko Arau Subsidiarioetan oinarritutako administrazio-prozedura berri bat hasi behar dela. Eta arau horiek debekatzen dute Gabarrarin itsasoko eta arrantzako sektorearekin zerikusirik ez duen edozein jarduera.

Oso larria da udal-arkitektoak aldeko txostena emateko alkatearen eta EAJren konfiantzazko abokatuaren txosten juridikoa eduki duela oinarri gisa. Hau da, Auzitegi Gorenak baliogabetutako HAPOren baliozkotasuna defendatu zuenaren eta EAEANk baliogabetutako eraikuntza-lizentziaren baliozkotasuna defendatu zuenaren iritzian oinarritu da udal-arkitektua lizentzia ontzat emateko.

Erabaki politikoa da, ez teknikoa. Eta ezin da ulertu ezkutuko interesik ez badago.

Horregatik guztiagatik, alkateari eskatzen diogu errespeta ditzala behingoz ebazpen judizialak, onartu ditzala aurkeztuko diren errekurtsoak, eta, herritarren interesak aintzat hartuta, atzera egin dezala eta tanatorioari lehen jarduerako lizentzia ken diezaiola.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta