Abotsanitzek Hondartzako kirol eremuko lurren transferentzia eskatu du

Bi lagapen hitzarmen iraungita daude eta azkena amaitzear

Abotsanitz Udal Taldeak Hondartzako kirol guneen titulartasunaren transferentzia eskatzeko proposatu du Hondarribiko Udalean. Mozio bidez egin zuen apirileko ohiko osoko bilkuran, eta udal talde guztien aldekotasuna lortu zuen Abotsanitzek.

Badiako segurtasuna hobetzeko helburuz, XX. mende erdialdean espigoia eraiki zuten. Hurrengo urteetan espigoiak eragindako hondar pilaketa baliatuta, 1970ko hamarkadan hasi ziren bertan kirol guneak eraikitzen, lurren jabe zen Ingurumen Ministerioaren eta Hondarribiko Udalaren kontzesio hitzarmenen bitartez. Futbol zelaia egin zuten aurrena, kirol pistak gero, Hondartza kiroldegia jarraian, eta, bukatzeko, kiroldegi kanpoko instalazioak.

Hondarribiko Udalak hiru lagapen hitzarmeni esker erabili izan ditu lur horiek orain arte. Bi dagoeneko iraungita daude eta hirugarrena laster iritsiko da epemugara. Lur horien jabetza eskatzeko unea dela uste du Abotsanitzek.

Lur hauek lehengoratzeak ez du zentzurik, bai espigoia, bai hondartzari zerbitzua ematen dioten errepidea, aparkalekua eta kirol kaia, azpiegitura egonkortuak direlako. Hau da, kirol guneen lurrak lehengoratuta ere, itsasotik aldenduta geratuko lirateke.

Horrez gain, egungo udal hirigintza araudiak ez du baimentzen kirol gune horiek beste nonbaitera mugitzea. Beraz, lur horiek lehengoratuta ere gero, Hondarribiak kirol gune horiek galduko lituzke.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak kudeatzen duen Gipuzkoako Itsasertzeko Zerbitzu Probintzialari lur horien erabilgarritasun eza eskatu beharko lioke Hondarribiko Udalak, eremuaren desafektazioaren aurrekari bezala. Behin Ministerioak desafektazioa onartuta, lurren jabetza Hondarribiko Udalaren esku geratzea izango litzateke azken urratsa, lurren titulartasun osoa Hondarribiko Udalarena izatea.

2010ean ia egina omen zegoen

Soka luzeko gaia da kirol guneen lurren jabetzarena. Izan ere, EAJk duela hamabi urte ziurtatu baitzuen lur horiek Hondarribiko Udalarentzat lortzeko bidean zela.

2010eko abenduaren 6an orduko alkate Aitor Kerejetak eta Madrilgo Kongresuko diputatu jeltzale Joseba Agirretxeak prentsaurrekoa eskaini zuten Hondarribiko Batzokian. Agerraldi horretan EAJ eta Espainiako Gobernua Hondartzako lurren jabetzaz negoziatzen ari zirela aurreratu zuen diputatuak: “Akordio on bat lortuko dugula uste dut, eta zenbait lurzoru udal ondare izatera pasako direla”. Horrez gain, Miramongo Parke Teknologikoa Hondarribian ezartzeko EAJk bi milioi euro lortu berri zituela gaineratu zuen Agirretxeak.

Kirol eremuei buruz, Kerejetak zehaztu zuen futbol zelaia, Hondartza kiroldegia eta kanpoko azpiegiturak kokatzen diren lurrak zirela negoziaketen helmuga, eta akordioa gertu ikusten zuela adierazi zuen: “Hiru eremu dira, eta bakoitzak administrazio-emakidak ditu, iraungitzen doazenak. Beti da konplikatua itsasotik gertu dauden lurrei buruz hitz egiten dugunean, baina Ingurumen Ministerioarekin dauden harremanak arinak dira».

Urte eta erdi geroago, 2012ko uztailaren 10ean Arantza Tapia izan zen gaia lantzeko Kerejetarekin bildu zena. Espainiako Gobernua prestatzen ari zen Kostaldeei buruzko Legearen anteproiektuaz mintzatu ziren. Kerejetak kazetariei azaldu zienez, “Arantza Tapiak beharrezko kudeaketak egingo ditu aurreko legegintzaldian hasitako elkarrizketei eta negoziazioei berriro ekiteko, zehazki 2008 eta 2009 urteetan, Kostaldeetako zuzendariekin Madrilen bildu nintzenean”. Elkarrizketa horietan, besteak beste, Hondartzako auzoko lurrez eta aireportuaz landuko omen zituztela baieztatu zuen alkateak. Horrez gain, Tapiak Miramongo Parke Teknologikoa Hondarribian ezartzeko negoziaketa ere abiatuko zuela baieztatu zuen Kerejetak.

Ia hamar urte pasatu dira Aitor Kerejetaren eta Arantza Tapiaren arteko bilera hartatik, eta hamabi urte orduko alkateak eta Agirretxeak baieztatu zutenetik kirol guneen lurren jabetza Udalarena izatera pasako zela. Ez al dira urte gehiegi gai hau oraindik bideratu gabe egoteko? EAJren jardun ezak, dena den, dagoeneko ez gaitu harritzen.

Aurrekariak

Egungo Hondartzako kirol eremua itsas mareen arabera zabaldu ala urez estaltzen zen estuarioa zen XX. mende erdialdera arte. Halakoa zen Higer lurmuturretik Portu auzoraino. Aspaldiko argazkietan azaltzen den bezala, egun baino askoz zabalagoa zen Bidasoa ibaiaren itsasoratzeak moldeatutako badia.

Zabaltasun horrek, eta edonola pilatutako hondar eta bestelako material multzoek, eragin handia zuten bai Hondarribiko bai Hendaiako herrien egunerokoan. Eremua oso arriskutsua zen, batez ere denborale garaian itsasoaren indarrak eta ibaiaren emari handiak bat egiten zutenetan; hainbat istripu eta hildako ere eragin zituzten.

Ramon Iribarrenek diseinatutako bi espigoiek itsasoaren haserrealdiak baretzeko balio izan zuten. Hondarribikoa 1949 urtean hasi ziren eraikitzen, Espainiako Obra Publikoen Ministerioak finantzatuta. Bi kai-muturrak amaitu zituztenean, bi herriak ekaitzetatik babestuta geratu ziren, eta espigoien barrualdean harea metatu zen. Hondarribikoa, kirol guneak eraikitzeko baliatu zuten.

Espigoiaren eraginez pilatutako hondar eremua baliatu zuten kirol guneak eraikitzeko

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta