VT-ak arautzeko eta etxebizitzen alokairua bultzatzeko eskatu du Abotsanitzek

Azken lau urteotan hirukoiztu egin da Hondarribiko VT apartamentuen kopurua

Erabilera turistikoko etxebizitzak (VT) erregulatzeko eta bizitegi-alokairua sustatzeko neurriak eskatu zituen Abotsanitz Udal Taldeak apirileko ohiko plenoan aurkeztutako mozioaren bidez. Bi eskaera horiez gain, VT lizentziak behin behinekoz eteteko 2021an hartutako erabakia luzatzea eta etxebizitza klandestinoen aurkako neurriak hartzea ere eskatzen zituen testuak. Onartu ez bazen ere, gaiarekin irmo jarraituko du Abotsanitzek.

Eusko Jaurlaritzak berriki emandako datuen arabera, Donostiaren eta Bilboren atzetik, EAEko hirugarren udalerria da Hondarribia etxebizitza turistikoen kopuruari dagokionez. Datuok, 2017ko abenduaren 31 eta 2021eko abenduaren 31 arteko bilakaera jasotzen dute, eta epe horietan %191,3 hazi zen hiriko VT-en kopurua, 69 izatetik 201 izatera. 2021 urte amaieran, EAEko Top12-an hiriburua ez den lehen udalerria da gurea, oso nabarmen gainera:

ETXEBIZITZA TURISTIKOAK EAEn 2021eko abenduaren 31n (iturria: Eusko Jaurlaritza)
  1. Donostia 1.265
  2. Bilbo 587
  3. Hondarribia 201
  4. Zarautz 149
  5. Getxo 101
  6. Bermeo 91
  7. Gasteiz 55
  8. Lekeitio 55
  9. Bakio 55
  10. Mundaka 50
  11. Zumaia 48
  12. Orio 41

Gainera, zenbakiak kezkagarriagoak dira apartamentu turistikoek hiriko etxebizitza-parkean duten eraginean erreparatuz gero. Izan ere, Hondarribiko etxebizitza-parke osoaren %2,3 dira VT-ak, beste herri turistikoen oso aurretik (Donostian, %1,34; Zarautzen, %1,28; Getarian, %1,8…). Kopurua (%2,3) txikia dirudien arren, ondorioak oso nabarmenak dira: alokairu-eskaintza garestitzea, etxebizitzen prezioen gorakada, bizitegi-erabilera normalerako etxerik ez egotea, azpiegiturak kolapsatzea, gentrifikazio prozesua, auzotarren arteko edo komunitateko harremanen galera…

Premiazko neurriak behar dira ezinbestean
Apirileko plenoan aurkeztutako mozioa aurrera atera ez zen arren, gaia lantzen jarraituko du Abotsanitz Udal Taldeak, egoera kezkagarria delako eta premiazkoa delako neurriak hartzea, bai etxebizitza turistikoak erregulatzeko, bai Hondarribian bizi nahi duten pertsonek horretarako aukera izan dezaten. Gauzak horrela, eztabaida prozesuan ari den plan orokorrean VT-ak arautzeko neurriak jasotzea interesgarria deritzogu, baina, ezin dugu horren zain egon. Egungo arauak zein aukera eskaintzen duen aztertu behar da.

Horrez gain, ohiko erabilerarako alokairuzko etxebizitzen aldeko programak abiatzeko ere eskatzen du Abotsanitzek, Hondarribian ia ez dagoelako alokairuzko eskaintzarik. Hain zuzen ere, alokairuan bizi nahi dutenak dira, gazteekin eta errenta baxuko familiekin batera, kaltetuenak VT-en erregulazio faltagatik.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta