Abotsanitzek urtetan esandakoa berretsi du Lehiaren Agintaritzak

Lehiaren Euskal Agintaritzak Hondarribiko Udalaren kontratazio txikiak aztertuz eginiko txostenak berretsi egin du 2018tik Abotsanitz esaten ari dena: udal gobernuak Legea urratu duela. Txostenak dio, batetik, Udalak muntaketa zerbitzuetarako kontratu txikien erabilera irregularra egin izan duela. Bestetik, lehiaketa publikoak deitu behar ez izateko, alegia, 15.000 euroko langa ez gainditzeko, gastuak zatikatu izan dituela. Eta hirugarrenik, Montai taldea osatzen duten enpresak elkar lotuta daudela.

Horren ondorioz, konpetentziari merkatua itxi zaiola, publizitatearen printzipioa urratu egin dela, eta lehia eraginkorra galarazi duela ebatzi du Agintaritzak. Honenbestez, txostenak arrazoia ematen digu, eta argi uzten du udal gobernuaren kontratazio prozedurak salatu ditugunean herritarren interesak eta legea defendatzeko egin dugula.

Urteak daramatzagu udal gobernuari kontratatzeko modua aldatzeko eskatzen, baina PNV-k bereari eutsi dio. Udal gobernuak Abotsanitz gezurretan eta zintzotasun faltaz jokatzen ari zela esaten zuen bitartean, erakunde desberdinek arrazoia eman digute: Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak, EAEko Fiskaltza Nagusiak, eta orain Lehiaren Euskal Agintaritzak. Denek berretsi dute urtetan esan duguna, eta gaur berriro dioguna: PNV-ren udal gobernu taldeak ez du Sektore Publikoko Kontratuen Legea bete, eta ez da betetzen ari. Kontratu txikien erabilera irregularra abusuz erabiltzen du, pertsona edo enpresa batzuk lagundu asmoz.

Udalean bertan, udal kontu hartzaileak ere behin eta berriro ohartarazi du Hondarribian zerbitzuen kontratazioak Legea urratuz egiten direla, zerbitzuak modu zatikatuan kontratatzen direla, eta urte luzez kontraturik gabe eta lizitaziorik gabe hornitzaile berdinek egiten dituztela lanak Hondarribiko Udalean.

Alkateak badaki. Osoko bilkuretan aipatu dugulako. Kontu hartzailearen eragozpen txostenak balio gabe uzten dituelako. Eta alkateak berak agintzen dituelako kontratazio txikien prozeduraz kontratatzen diren zerbitzuen ordainketak.

Bestalde, oso inportantea da Lehiaren Euskal Agintaritzak nabarmentzea Aitor Elorzak zuzentzen dituen enpresen arteko lotura existitzen dela. Hondarribian, adibidez, gaur egun oraindik Elorzaren enpresa horiek bakarrik eskaintzen dituzte kultur ekitaldietako atezaintza lanak. Modu zatikatuan eta kontratu txikien kopuru muga gainditu gabe fakturatzen dute enpresa horiek, kontratazioa lehiaketa publiko bidez egitea saihestuz, publikotasunari eta konpetentziari atea itxiz.

2009 urtetik gaurdaino lan egin izan du eta oraindik ere jarraitzen du Montaik modu irregularrean Hondarribiko Udalarentzat, besteak beste, Elorza EAJ-ren kargu publiko izan zen urteetan. Bada, Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak dio Elorzaren enpresen arteko lotura egon badagoela, zatikatutako lanak ematen zaizkiola lehiaketa publikora atera behar ez izateko, eta horrek lehia eraginkorrari ateak itxi eta publikotasun baldintzak urratzen dituela.

Ez dakigu txosten hau ezagutu ondoren zer gertatuko den. Gerta liteke udal gobernuak esatea txosten horretan jasotzen diren gomendioak kontuan hartuko dituela, eta 2022 ekitaldian kontratazio plana burutuko duela. Baina, zergatik ez du kontratazio plana burutu urtero-urtero Abotsanitzek eskatu izan duenean? Zergatik ez du Legearen arabera kontratatu orain arte? Beharrezkoa al zen, 2015eko Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren txostenaren ondoren, Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostena gauzak beste modu batera egiten hasteko?

PNV alderdiak babesten al du Hondarribiko udal gobernuak irregulartasun hauek guztiak burutu izana? Zein da orain arteko irregulartasunen arduraduna? Non geratzen da kudeatzaile publikoen kode etikoa? Edo, gai honetan ere ez du inork onartuko egindakoaren ardura?

HONDARRIBIKO UDALAREN KONTRATAZIO TXIKIARI BURUZKO TXOSTENA

KRONOLOGIA

2009

Montai enpresa taldea Hondarribiko Udalarentzat modu irregularrean hasten da lanean.

2015

Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren 2015eko txostenak Hondarribiko Udalak kontratazio irregularrak egiteko duen joera aipatzen du.

2018-02

Hondarribiko Udalbatzak aho batez onartzen du Abotsanitzen mozioa, kontratazio irregularrekin bukatzeko konpromisoa hartuz.

2019-02

Abotsanitzek zerbitzuen kontratazioari buruzko mozioa aurkezten du. PNV-k kontra bozkatzen du. Besteak beste, nabarmentzen da Udalak 2018an 495.000 euro gastatu dituela kontratazio irregularretan.

2019-04

Abotsanitzek proposatutako ikerketa batzordea atzera bota zuen PNV-k.

2019-07

Kontratazio irregularrari lotutako alkate-dekretuei helegiteak jartzen hasten da Abotsanitz Udal Taldea.  

2019-11-29

Montai taldeko zuzendari Aitor Elorzak Hondarribiko Udalari mehatxu egiten dio, orain arte berak egiten zituen lanetako batzuk beste enpresa batzuei eman zaizkielako.

2019-12-11

Abotsanitzek Montairekin harremana mozteko eskatzen dio udal gobernuari.

2019-12-12

Abotsanitzen salaketari erantzunez, Montai taldeko zuzendariak Radio Irunen onartzen du modu irregularrean ari direla lanean, baina erruduna Udala dela.

2019-12-16

Montai taldeko zuzendariak Abotsanitzen kontrako mehatxua egiten du, esandakoetan atzera egiteko eskatuz.

2019-12-19

Eusko Legebiltzarrak Kontu Publikoen Euskal Epaitegiari eskatzen dio 2011 eta 2019 arteko Hondarribiko Udalaren kontuak ikertzeko, tartean Montai taldearekin duen harremana.

2020-01

Kontratazio lege urraketa jarraituen ondoren, ardura politikoagatik Abotsanitzek fiskaltzarengana jotzen du.

2020-01-10

Abotsanitzek salatzen du Hondarribiko Udalak blues jaialdia baliatu zuela Montairen alde.

2020-01

Montai taldeko zuzendariak Abotsanitzen kontrako kereila aurkezten du.

2020-01-27

Montai taldeko zuzendariak jarritako kereila dela-eta, Abotsanitz Udal Taldeak Bake Epaitegian deklaratzen du; esandako guztia berresten du Abotsanitzek.

2020-02

Abotsanitzek salatzen du Montai taldeak gainkostuak eragin zizkiela Hondarribiko herritarrei.

2021-02-17

Fiskaltzaren arabera, Montai modu irregularrean kontratatua izan da Hondarribian, baina ez du deliturik egon denaren nahiko frogarik.

2022-03

Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak dio Hondarribiko Udalak kontratazio txikien erabilera irregularra egin duela muntaketa lanak kontratatzeko orduan, eta Montai taldeko enpresak izan direla onuradun nagusiak.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta