Abotsanitzek bi mozio aurkeztuko ditu osteguneko plenoan

Abotsanitz Udal Taldeak bi mozio erregistratu ditu otsailaren 24 ostegunean 18:00etatik aurrera egingo den osoko bilkuran eztabaidatzeko. Batek, bigarren eskualdaketako etxebizitza publikoak eskuratzeko oinarrietan aldaketak egitea proposatzen du. Besteak, Hondarribiko Udalaren lanpostu zerrendan udal basozain bat gehitzea proposatzen du, baita kontratatzeko prozedura abiatzea ere.

Etxebizitza publikoen eskualdaketen araudia

Lehen mozioak, azken urteetan bigarren eskualdaketako etxebizitza publikoen prozesuetan gertatu izan diren gatazkak ez errepikatzea du helburu, eta horretarako 2015ean onartutako udal araudian zenbait aldaketa egitea proposatzen du. Bi dira mozioan zehazten diren arazoak.

  • Batetik, prozeduran familia ugariak kaltetuak ateratzen dira, lau logeletako etxebizitzen zozketan bakarrik parte hartu dezaketelako, eta eskualdaketetan apenas ez delako horrelako aukerarik izaten. Horregatik, oinarrietan familia unitate kopuruak kontuan izan ordez, metro karratu kopuruak aintzat hartzea egokiago ikusten du Abotsanitzek.
  • Bestetik, saltzailearen eta eroslearen artean eztabaida ekonomikoak gertatu izan dira, eta horiek ekiditeko neurriak araudian jasotzea proposatzen du mozioak.

Abotsanitzek uste du udal taldeek adostu beharko lituzketela aldaketak, gero udal teknikariek araudian txertatu ditzaten, osoko bilkuran bozkatu aurretik.

Udal basozain lanpostua

Bigarren mozioak Jaizkibel mendian udal basozain bat edukitzearen beharra planteatzen du. Abotsanitzek uste du Jaizkibel babestea udalaren ardura ere badela, eta ez dela nahikoa beste erakundeek dituzten baliabideekin. Hala, Hondarribiko Udalaren Lanpostuen Zerrendan basozain teknikari berezitua gehitzea eta udal basozainaren funtzioak beteko dituen teknikari espezialista kontratatzeko prozesua abiatzea proposatzen du Abotsanitzen testuak.