Abotsanitzek bat egin du Osasun Bidasoa Plataformak datozen egunotarako deituriko mobilizazioekin. Hondarribitarrei dagokionean, hurbilena larunbat honetan (otsailak 5) izango da, 12:00etan San Pedro kalean kirofanoen alde egingo den kontzentrazioa.
Abotsanitzek hondarribitarrak animatu nahi ditu larunbateko deialdira batu daitezen. “Ikusita Osasun sailburuaren jarrera, kalera ateratzea da modu bakarra entzun gaitzaten, jakin dezaten Bidasoa bailarako herritarrek kirofanoak bertan nahi eta behar ditugula. Aldarrikapena oso argia da, eratu dezatela mahai bat, eta mahai horretan erabaki dadila nola handitu, berritu eta hobetu behar den Bidasoa Ospitalea, inposiziorik gabe. Gipuzkoako beste eskualdeei aitortzen zaiena guri ere aitortzea nahi dugu, besterik ez.”
Irunen eta Lesakan ere antolatu ditu kontzentrazioak Osasun Bidasoak. Eta hilaren 19rako eskualde mailako manifestazioa deitu du. Azken asteetan jasotzen ari diren babesa kontuan izanda, abenduaren 11ko manifestazioa baino jendetsua izango dela espero du plataformak. Orduan milaka pertsona elkartu ziren Irungo kaleetan kirofanoen alde.