Clemente Sagarzazu hondarribitarra gogoan Holokaustoa oroitzeko egunean

Abotsanitz Udal Taldeak Clemente Sagarzazu, Alemania Naziaren kontzentrazio esparruetan preso egondako hondarribitar bakarra, gogoan izan nahi du Holokaustoa oroitzeko egunean.

Urtarrilaren 27an ospatzen da Holokaustoaren Biktimen Oroimenerako Nazioarteko Eguna. Europako Parlamentuak eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala ezarri zuten, gaurko egunez 1945ean sobietar tropek Auschwitz-Birkenau Kontzentrazio Esparrua askatu zutelako.

Abotsanitzek Alemania Naziak sistematikoki eta modu ankerrean eragindako genozidioaren biktimak gogoratu nahi ditu. Etnia, erlijio, gizarte, politika edota sexu-orientazio arrazoiengatik sei milioi pertsona baino gehiago erail zituzten, eta beste milioika eduki zituzten preso, horien artean hondarribitar bat, Clemente Sagarzazu.

Alemaniaren eta Francoren diktaduraren lankidetzaren ondorioz, 10.000 errepublikazale deportatu zituzten nazien Kontzentrazio Esparruetara: Frantziako Compiegne eta Rivesaltes, Austriako Mauthausen edota Poloniako Trevlinka, besteak beste. Asko nazien eskuetan hil ziren. Sobietarrek beste asko liberatu zituzten, baina ezin izan ziren etxera itzuli, frankistek aukera hori ukatu zielako. Horiek ere gogoan eduki nahi ditugu.

77 urte geroago, gertaera lazgarri hura oroitu eta memoria kolektiboaren parte egin nahi dugu, sinistuta baikaude biktima guztien oroitzapena bizirik mantentzeak eta gertaturikoa oroitzeak balioko duela horrelakorik berriro gertatu ez dadin.

Horregatik guztiagatik…

  • Abotsanitzek, urtarrilaren 27an Holokaustoaren Biktimen Oroimenerako Nazioarteko Eguna dela eta, nazien jazarpena jasan zuten pertsona oro omendu nahi ditu, bereziki Clemente Sagarzazu hondarribitarra.
  • Abotsanitzek errekonozimendua adierazi nahi die nazismoaren eta faxismoaren aurka borrokatu zuten pertsona guztiei.
Tropa sobietarrek Auschwitz-Birkenau askatu zuten eguneko irudia
Tropa sobietarrek Auschwitz-Birkenau askatu zuten eguneko irudia

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta