Abotsanitz Udal Taldeak hiru mozio aurkeztu ditu osteguneko osoko bilkurari begira. Mozio horietako bat, Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko proiektuari buruzkoa da. Osasun Sailak abiatu nahi duen plangintzaren arabera, bloke kirurgikoa berritzeko obrak egiten diren bitartean (bi urte inguru) ospitaleko lau kirofanoak itxi egingo lituzkete, eta Bidasoko eta Bortzirietako biztanleen ebakuntzak Donostian egin beharko lirateke.
Ospitaleko komunitate zabal bat plangintza horren kontra azaldu da eta Abotsanitz bat dator kritika horiekin. Bloke kirurgikoa berritu bai, baina horrela ez. Kirofanoak ixteak larrialdietan konpondu ezinezko ondorioak sor ditzake, eta hori ezin da onartu. Horrez gain, bai ospitaleko langileek bai gaixoen senideek pairatu beharko lituzkeen trabak oso handiak lirateke.
Horregatik, ospitalearen kanpoaldean bloke kirurgiko berri bat eraiki behar dela uste dugu, eraikinarekin lotuta egongo dena. Horrela, kirofanoak itxi gabe egingo lirateke lanak, eta, kirofanoen trasladoa egiterakoan, ospitaleak beste edozein erabilerako eremu bat irabaziko luke.
Mozioa aurkeztearen helburu nagusia Hondarribiko Udala eta gainontzekoak herritarren alde mugiaraztea da. Izan ere, udalek herritarren interesak defendatu behar dituzte eta, bloke kirurgikoa berritzeko kirofanoak ixten baditu, Osasun Sailak bailarako herritarren interesak nabarmen kaltetuko ditu.
Beste bi mozio
Beste bi mozio aurkeztu ditu Abotsanitzek osteguneko plenoan eztabaidatzeko. Batetik, zinegotzion informazio eskubidearen urraketen inguruko mozioa aurkeztu du hirugarrenez, 2019ko eta iazko urrian aho batez onarturiko mozioetako puntuak bete ez direlako. Eta azkenik, iraungita dauden Zerbitzu Prestazioen Kontratuak konkurtsora atera daitezen eskatzekoa da hirugarren mozioa; ia 15 urte pasa dira kontratuetako batzuk iraungita daudela.