#erriatxikotia

Pandemiak eta haren kontra hartutako neurriek baldintzatutako jaiak datoz bigarren urtez. Denon esperantza zen 2021 urtea ezberdina izatea, eta berriro maite ditugunekin eta gustukoen duguna egiten ospatu ahal izatea. Ez da horrela izango.

Honek ez du esan nahi ez dugunik egun horietako izpiritua berriz sentituko, horretarako gordeta ditugun oroimen politenek lagunduko baitigute. Baina hausnarketarako egunak ere izango dira hauek. Bigarrenez ez ditugu txilibito eta danbor hotsak entzungo herriko kanttu ezberdinetatik eguzkiak oraindik indarrik ez duen tenorean. Bigarrenez ez diogu elkarri minik emango, edo elkarri isekarik egingo. Eta konturatuko gara denak aurrera egiten duela.

Ia hamarkada bat daramagu irtenbidearen alde lanean. Hitz egitearen beharraz aritu gara urtetan; parean daukaguna errekonozitzearen beharraz eta errespetuz tratatzearen beharraz. Elkarren arteko konfidantza berreskuratzeaz. Gure ibilbidean ikasi dugu isiltasunak mina elikatzen duela, eta gatazkatik aterako gaituen giltza gugan dagoela. Herritarrok gara Hondarribiaren etorkizunaren arduradunak: gure erabakiek, gure jarrerak eragingo dute egoera hau luzatzea edo behingoz seme-alabarik baztertzen ez duen herrian bihurtzea.

Herria. Horrek kezkatzen gaitu eta horregatik jarraitzen dugu lanean. Denon Hondarribia bat lortzeko. Izan neska, mutil, zuri, beltz, zahar, gazte…. Modernitateak gure nortasunaren ezaugarri batzuk galtzorian egotea eragin du. Gure nortasunak eta gure kulturak munduan egoteko eskuliburu bat eskeintzen digu eta, identitate galera honen aurrean, naturalena da pentsatzea tradizioari eustea dela hau babesteko modurik eraginkorrena.

Tradizioa eraikuntza bat da, pertsonek eraikia da eta helburu batekin eraikitzen da. Botere harremanetan oinarritzen da. Tradizoa kontrolatuz hierarkiak errepikatzen dira: klase hierarkia, genero hierarkia, herritarren arteko egitura… Pasa den urtean, kontrola duten horiek adierazi zuten beraien boterea herritarrek hautatutako 16 zinegotzien eta alkatearen gainetik dagoela, baina herria ordezkatzeko legitimidadea duten herri-ordezkari bakarrak demokratikoki hautatutako zinegotziak dira.

Kezka haundiz ikusten dugu azken aldian tradizioaren izenean egiten ari den erabilera. Arbasoen ondarearen defentsaren izenean Hondarribiaren bizitzeko modua ezarri eta iraunarazten dute, zertarako eta pribilejioak eskuz alda ez daitezen.

Alardearen etorkizuneko erronka nagusia emakumearen parte hartze zabala nola txertatu izango da, besteak beste. Egoera honi errotik heldu eta zentzuzko irtenbide bat bilatu beharrean, arduragabekeriz jokatzeak Hondarribia eta Alardea bera irteera gabeko zurrunbilo batean murgildu ditu. Baina jakina da ere alardean desfilatzen duten hamakina pertsonak egoera honi irtenbide bat ematea nahi eta desio dutela.

Guztionak diren ospakizunak elitearen posizioa berresteko erabiltzen badira, joera horrek herriaren zatiketa eragiten du. Abotsanitzek honen aurrean alarde publikoa defendatzen jarraituko du. Ez dezagun gatazka zentzu gabe luzatu, eta eman dezagun ausardiaz aurrera pausu bat, jarrera ahalbideratzaileak saretuko baitu etorkizuneko herria.

Hondarribian, 2021eko irailaren 6an

Gora Hondarribia!

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Predro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta