San Nikolas zubia, PNV-ren ezgaitasunaren azken adibidea

Egitura ordezkatu beharrean, taula gutxi batzuk aldatu ditu PNV-ren gobernuak

Lau taula aldatu eta sekulako lorpen bezala saldu, beste behin. San Nikolas zubian egin dena, noraezean dabilen PNV-ren udal gobernuaren azken adibidea baino ez da.

Dagoeneko 2017an teknikariek zubian egitura-ahultasun larriak antzeman zituzten, eta EAJk pasabidea aldatu beharko zela adierazi zuen. Hala, 2019ko lehen kreditu-aldaketan 370.000 euroko partida onartu zen, pasabidea ordezkatzeko helburu zuena.

Bistan denez, partida hura ez zen erabili, eta 2020 urtean berriro aurkeztu zuen EAJk. Urtea pasa eta ezer ez zuen egin udal gobernuak. Eta 2021rako berriro aurkeztu zuen, oraingoan abenduan onarturiko aurrekontuan, hau da, ia bederatzi hilabete izan ditu obra konkurtsora ateratzeko. Bederatzi hilabete, gehi aurreko bi urteak, jakina.

Aurtengo otsailaren 8an honela aurreratu zuen Gonzalo Carrion Obretako zinegotziak: “Aurten San Nikolas zubia berritzeko 370.000 euro erabiliko dira, proiektua eginda dago, eta esleipena zein obrak egin nahi genituzke”. Baina hori egin beharrean, lau taula aldatzeko baino ez da gai izan. 370.000 euroko aurrekontutik, 3.073,40 euro erabili ditu, aurrekontuaren %1era ez da iristen. Kontuan izanik 2017an egiturak ahultasun larriak zituela eta proiektua egina badago, hain zaila al da konkurtsora ateratzea?

San Nikolas zubiarekin gertatu dena PNV-ren gaitasun eta planifikazio ezaren azken adibidea baino ez da. Tamalez, ez da salbuespena, eguneroko kontua baizik.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta