Francisco Sagarzazu, falangista, ustela eta lapurra

2021eko abuztuaren 12ko ez-ohiko osoko bilkurako hirugarren puntuan, bi diktaduretan alkate izandako Francisco Sagarzazuren oinordekoek Hondarribiko Udalari eskainitako dohaintza aztertu da. 
Abotsanitz Udal Taldearen hizketaldia eta idazkariari eginiko interpelazioaren erantzuna entzun eta gero, alkateak gai-zerrendako puntu hori erretiratu behar izan du. Izan ere, Sagarzazu familiak dohaintzan eman nahi zituen objektu gehienak izatez udalarenak dira, bere garaian Sagarzazuk bidegabeko jabetzez lortutakoak.
Jarraian, Abotsanitzen zinegotzi Aitzol Arroyo Tumasek irakurritako testua:

Francisco Sagarzazu Sagarzazu jaunaren ondorengoen ondasunen dohaintza onartzeko proposamena.’ Hitzez hitz, hau da abuztuko ezohiko osoko bilkuraren gai-zerrendako hirugarren puntuan eztabaidatzen ari garena. Baina ezin dugu honetaz eztabaidatu, aipatutako ondasun horien jatorria eta Francisco Sagarzazu Sagarzazu nor zen azaldu gabe.

Francisco Sagarzazu, falangista

Francisco Sagarzazu Sagarzazu Hondarribiko alkate izan zen 1925etik 1929ra, eta 1942tik 1958ra. Primo de Riveraren diktaduran lehenik, eta Francorenean ondoren.

1936ko irailean faxistek Hondarribia okupatu zutenean, korporazio berria osatu zuten, Angel Aseginolaza buru zutela. Bertan Gobernazio azpi-batzordeko buru izan zen Francisco Sagarzazu. Udaletxean Francisco Franco diktadorearen koadro bat jartzea izan zen bere lehen erabakietako bat.

1938an Falange Españolako Prentsa eta Propaganda arduraduna izan zen.

1939ko irailean Hondarribiko Batzorde Kudeatzaileko (edo Comisión Gestora-ko) zinegotzi izendatu zuten frankistek. Bi urte geroago, 1941eko abuztuan, bigarrenez izendatu zuten Hondarribiko alkate, beste behin diktadura batean. 1958 urtera arte jarraituko zuen karguan.

1940ko hamarkadako zenbait argazkitan militarrez jantzita azaltzen zaigu, militarra ez zen arren, soinean Falangeko geziak eta uztarria daramatzala, eta eskua altxatuta agur frankista eginez.

Francisco Sagarzazu (barrez dagoena), Falangeren gezi eta uztarriak soinean dituela

Laburbilduz, Primo de Riveraren diktaduran alkate izan zen, ondoren zinegotzi Bigarren Errepublikan (osoko bilkuretara agertzen ez zen arren) eta, bukatzeko, alkate Frankismoan. Beste edozein ideologiakoa balitz, 1936ko Gerra eta gero erbesteratua, atxilotua edota, kasurik okerrenean, fusilatuta izango zen. Baina falangista eta diktaduraren aldekoa zenez, ez zuen halakorik pairatu.

Francisco Sagarzazu, ustela

Bere lehen agintaldian Hondarribia kiebra jota utzi zuen Sagarzazuk. Espainiako Bigarren Errepublika iristearekin batera, 1931n, udal-ogasunen txosten ekonomikoak egin ziren udalerri guztietan. Hondarribikoak azalarazi zuen Francisco Sagarzazuren agintaldian, 1925 eta 1929 artean, Hondarribiko Udalak 2.000.000 pezetako zorra pilatu zuela. Gaur egunera ekarrita, 150 milioi eurotik gorako zorra litzateke.

Hala dio 1931ko udal-ogasuneko txostenak:

Situación económica de verdadera quiebra. Fuenterrabía es quizá la ciudad más castigada de toda España por los viciosos procedimientos de la administración municipal de la Dictadura (de Primo de Rivera).

1932ko osoko bilkura batean, Sagarzazuren alkate-soldatari buruzko udal erabakia legearen kontrakotzat jotzeko mozioa aurkeztu zuten hainbat zinegotzik. Izan ere, Udal Estatutuaren arabera bakarrik 500.000 pezetako aurrekontua baino gehiagoko udaletako alkateek jaso zezaketen soldata, betiere aurrekontuaren %1 gainditu gabe. Eta Hondarribia, Sagarzazuren agintaldian, ez zen 500.000 pezetako aurrekontura iristen (375.000 pezetakoa zuen, 1929an), eta Sagarzazuren soldata 24.500 pezetakoa zen, hau da, aurrekontuaren %6,53koa. Gaur egunera ekarrita, 1,5 milioi euroko soldata.

Jatorri apalekoa izan arren, Primo de Riveraren Diktaduran asko aberastu zen Francisco Sagarzazu, hiriko aberatsenetakoa izateraino; Contribucion territorial y pecuaria delakoan gehien ordaintzen zuen 7. hiritarra zen garai horretarako. Bigarren Errepublikan jasotako datuen arabera, honako ondasunak zituen bere lehen agintaldia eta gero: Kale Nagusiko 3. eraikina, Denda Kaleko 15.a, Puntalean hiru lurzoru (horietako batean etxe bat eraikitzen ari zela), San Antonio villa Akartegin, Ibaiondo etxea Kostan, Domingotxoenea baserria, hilerriarekin mugakideak ziren hainbat lurzoru…

Francisco Sagarzazuren anaiak, Claudio Sagarzazuk, Sociedad Progreso de Fuenterrabia (SPF) enpresa sortu zuen 1928an, zeinetan alkateak 2.000 akzio izan zituen. Sagarzazuren lehen agintaldian, obra publikoen monopolioa zuen SPFk eta Hondarribiko Udalak hainbat lurzoru publiko eta obra faraoniko esleitu zizkion: Puntaleko orubeak, 3,5 milioi metro karratu Jaizkibelen… Higer aldean kanposantu berria egiteko agindua ere jaso zuen enpresak. Azkenean ez zen proiektua burutu, baina 200.000 pezetako gastua eragin zion udalari. SPF enpresako hainbat kidek kartzelan bukatu zuten, iruzurra eta diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik, baina Sagarzazu anaiak libre atera ziren.

Francisco Sagarzazu, lapurra

Sagarzazuren lehen agintaldiaren amaieran, Hondarribiko Udalak Hiriko seme kuttun izendatu zuen, 1929ko abuztuan, oraindik alkate zela. Hori bakarrik ez, seme kuttun berriaren erretrato bat egitea ere erabaki zuen Udalak, eta Bernardino Bienabe Artia artista irundarrari eskatu zitzaion:

Sesión de Ayuntamiento de 31 de agosto de 1929: Acuerda nombrar Hijo Predilecto de esta Ciudad a D. Francisco Sagarzazu Sagarzazu en reconocimiento a su labor de engrandecimiento de la Ciudad y su labor como Alcalde de la misma… y que se coloque en el salón de actos de la casa consistorial un retrato del mismo.

Handik hiru urtera, 1932ko iraileko osoko bilkuran, Bigarren Errepublikan, koadro hori hizpide izan zuten:

Punto quinto: Se dio lectura a la siguiente moción: Los Concejales que suscriben, han tenido ocasión de comprobar que con fecha 18 de febrero de 1930 se pagó por la Tesorería Municipal de este Exmo. Ayuntamiento, según Libramiento nº 98 autorizado por el Alcalde en aquel entonces Don Francisco Sagarzazu, cuyo justificante aparece archivado, la cantidad de MIL PESETAS, a cuenta del importe de un cuadro al óleo, del propio señor Sagarzazu, encargado en virtud de acuerdo del Ayuntamiento de la Dictadura de fecha 24 de Agosto de 1929, para que fuese colocado en el salón de Sesiones, en premio a la distinción y recompensa a que se había hecho acreedor dicho señor por su gestión y provechosa labor en pro del pueblo de Fuenterrabía. No apareciendo colocado, e ignorando los que suscriben, el paradero del mismo, después de dos años y medio que han transcurrido, pues sólo hay constancia de que salieron de las arcas municipales las citadas MIL PESETAS, proponen que, en la forma que proceda, se averigue lo ocurrido, por entender es de justicia que el Ayuntamiento conozca la inversión dada a los fondos del Erario, exiguiendo las responsabilidades que el caso merezca. Fuenterrabía, 15 de Septiembre de 1932. Enrique Berrotaran – Floro Izaguirre – Manuel Canoura.

Por unanimidad se acuerda aprobar la moción procedente y pasar oficio al Sr. Bienabe en cumplimiento de dicho acuerdo.

Hara non, ia 90 urte geroago, Sagarzazuren oinordekoen etxean agertu zaigula Hondarribiko Udalaren enkarguz eginiko artelan hori. Eta Udalari dohaintzan eman nahi diote, Udalarenak diren beste hainbat dokumenturekin batera. Eta gainera, baldintza bat jartzen dute bidegabeko jabetze bidez lortutakoak itzultzeko: dohaintza egin izan dutela jasota geratu dadila.

Abotsanitzek argi du nor izan zen Francisco Sagarzazu: Hondarribiaren alde ezer gutxi egin eta Udala bere interes partikularren mesederako erabili zuen alkate falangista, ustela, eta lapurra.

Orain ia 90 urte areto honetan aho batez onartu zutena berretsi nahi dugu gaur: Herriari itzuli herriarena dena!

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta