Kostaldeko gainontzeko herrietan bezala, bainua hartzeko hondartza aukeratzen ez duten herritarrak badira Hondarribian ere. Beste leku batzuk nahiago dituztenak. Beti izan da horrela, eta horrela jarraituko du izaten. Eta herritar horiek ere zerbitzuak merezi dituzte. Ez agian hondartzako guztiak, baina bai oinarrizkoenak. Segurtasunetik hasita.
Puntalean, eta Bidasoa eta Butron pasealekuetan uretara jaisteko arrapalak erabiltzen dira bainurako. Jende askok erabiltzen ditu. Baina arrapala horiek, mantentzen ez badira, leku arriskutsuak izan daitezke, itsasoko landarez betetzen direlako eta zorua oso labainkorra bihurtzen delako. Erabiltzaile guztientzat dira arriskutsuak, bainuzaleentzat bezala, baita txintxorroak uretaratu edo uretatik atera nahi dituztenentzako ere.
Badakigu zenbait istripu larri gertatu direla azken hilabeteotan, eta badakigu herritarrek neurriak eskatu izan dituztela, hala jakinarazi digutelako. Baina Hondarribiko Udalak ez du ezer egin badia ondoko pasealekuetako arrapalen irisgarritasuna hobetzeko.
Hain zaila al da arrapala horien mantenua egitea, zorua hain labainkor egon ez dadila zaintzea, edota igoera eta jaitsiera errazteko heldulekuren bat jartzea? Zer gehiago gertatu behar da neurriak hartzeko? Zenbat istripu gehiago?