Beraiek ere Hondarribia direlako

Irailaren 4an Memoria Historikoari lotutako ekintza garrantzitsua jasoko du Hondarribiak. 1936ko Gerraren eta faxisten errepresioaren ondorioz herritik alde egin behar zutenei aitortza egingo zaie. Gai horri lotuta erakusketa bat antolatu nahi da. Udal talde guztien partaidetza duen Bakeola Batzordea da antolatzailea, eta herritarrei laguntza eskatu diete bertatik.

1936ko Gerran eta ondoren Hondarribian emandako eskubideen urraketak erakutsi nahi ditu erakusketak. Gogoratu, aitortza egiteko, eta berriro gauza bera gertatu ez dadin. Hori da ideia. Eta, zer da herritarrei eskatzen zaiena? Garai hartako eskubide urraketen erakusle den edozein argazki, objektu edota dokumentu: ihesa, errepresioa, jazarpena… horrelakoen adibideak.

Lagundu dezagun osatzen memoria historikoaren puzzle osatugabea. Etsaien hatzaparretatik ihesi joan zirenak, dena atzean utzita erbesteko bidea hartu behar izan zutenak, edota, herrian bertan faxisten jazarpena pairatu zutenak, horiek guztiak ere Hondarribia dira. Ez ditzagun ahaztu.

Objektu, argazki edota dokumenturen bat maileguan utzi nahi baduzu, deitu Bakeola EDE Fundazioaren 685720032 telefono zenbakira. Behin erakusketa amaituta, haien jabeei itzuliko zaizkie mailegu guztiak

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta