Indarkeria sexistaren 2020ko datuak ezagutarazi berri dituzte Eustat, Euskal Estatistika Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Hondarribian salaketek behera egin zuten pandemiaren lehen urtean, 2018 urteko datuetara itzuliz. Dudarik gabe, itxialdiak baldintzatutako datuak dira.
Orotara, Segurtasun Sailak 28 salaketa jaso zituen iaz: 22 bikoteak edo bikote ohiak eragindako indarkeriagatik, 5 familia barruan jasotakoak, eta sexu indarkeria kasu 1. Aurreko urtean, aldiz, 40 salaketa izan ziren guztira: 32 bikoteak edo bikote ohiak eragindako biolentziagatik, 2 familia barrukoak, eta 6 sexu indarkeria kasu.
Alarma egoeran ezarritako neurriek pertsonen aisia eta mugimendua mugatu zituen, eta horrek azaldu dezake familia barrukoak ez diren salaketetan izandako beherakada. Bagenekien hori gertatuko zela itxialdian: biktimek ez dituzte beraien erasotzaileak salatzen, beraiekin bizitzen jarraitu behar dutelako.
Aldiz, familia barruko indarkeriagatik jarritako salaketak hazi egin dira, kasu 1 izatetik 5era. Hemen ere antzematen da itxialdiaren eragina.
2019ko datuak baino hobeak dira 2020koak. Duela bi urte baino salaketa gutxiago izan ziren iaz, baina kontuan eduki behar da oso urte berezia izan zela, eta ziurrenik salaketa kopuruetan eragin izan duela. Datuetan jaitsiera izanda ere, 28 salaketa jarri ziren iaz Hondarribian. Egoera larria da oraindik. Hondarribiko gizartea lan handia egiten ari da indarkeria sexistaren gaitza desagerrarazteko, baina bide luzea dago egiteko.