Sare konpontzaileen plaza dela-eta

Historian arrantzaren eta emakumearen arteko harremanaz hitz egin zuen Aitzol Arroyok azken plenoan

Emeki emakume elkarteak eta zenbait herritarrek egindako lanketaren ondoren, herriko hainbat leku emakumeen izenekin izendatzen hasi da Hondarribiko Udala aurten. Horietako bat Sare Konpontzaileen plaza izango da. Hermandade parean Zuloaga eta San Pedro kaleen arteko zabalguneari izen hori jartzea eztabaidatu zen ekaineko osoko bilkuran. Aho batez onartu zen proposamena, eta San Pedro egunean egin zen plaza berriaren inaugurazio ekitaldia.

Sare konpontzaileen plazaren proposamena dela-eta, Abotsanitzen zinegotzi Aitzol Arroyo Tumasek arrantzaren eta emakumearen arteko harremana jasotzen dituzten aurrekari historikoak bildu ditu. Jarraian irakurriko duzun testua zinegotzi guztiei banatu zitzaien, eta datozen egunotan zenbait kopia banatuko zaizkie Emekiri, Emekiren lanketan parte hartu dutenei, sare konpontzaileei eta Arrantzaleen Kofradiari.

HONDARRIBIA ETA ARRANTZA. AURREKARI HISTORIKOAK

Bilkura honen aurretik zinegotzi guztioei banatu dizkizuegun testuan Hondarribiaren eta arrantzaren artean dagoen harreman historikoa laburbilduta dago. Testuak, gaiaz idatzi izan dutenen ikerketak ditu oinarri, baina emakumearen ezinbesteko lana nabarmendu nahi dugu, nahiz eta liburuetan oso txikia den emakumeari ematen zaion tartea.

Historiari errepaso azkar bat ematen badiogu, segituan konturatuko gara Hondarribiaren eta itsasoaren arteko lotura antzinarotik hona oso hertsitua egon dela.

Asturiaga, lehen aipamenak

Oiasso baskoien itsas-hiriak Hondarribian zuen itsasoratzea. Asturiagako ainguralekuan topatu ziren Gipuzkoako lehen portu zantzuak.

K.o. I. mendetik VIII. menderarte gutxienez erabilia izan zen ainguraleku gisa Higer lurmuturreko babesean dagoen Asturiaga, bertan agertututako anfora eta terra sigillata piezek baieztatzen dutelarik. Baina IX. eta X. mendeetan, normandoen edota bikingoen erasoaldiek, kostaldearen arriskua areagotu zuen, eta itsas-nabigazioaren eta komertzioaren beheraldi bat eman zen.

XIII. mendean zehar, Kantauri itsasoko porturik garrantzitsuenetako bat zen Asturiaga. 1203 urtean Hondarribiak jasotako hiri-gutunean Asturiagako kaiaren lagapena zehazten zen:

Item, concedo vobis illum portum de Astuniaga, quod sit semper vester, tali tamen pacto quod uno quoque anno detis pro illo portu quinquaginta marvotinos

Historikoki eta XII. mendetik aurrera, funtzio desberdineko hiru portu genituen Hondarribian. Asturiagakoa babes-portu gisa erabiltzen zen. Puntaleko portua, itsas-merkataritzara zuzendua zegoen. Eta Portukoa, Magdalenako errebalekoa, aldiz, arrantzarako.

Puntaleko ontziralekua

Hasiera batean Asturiagakoa izan bazen garrantzitsuena, garai batetik aurrera Puntaleko kaiak hartu zion erreleboa. Izan ere, Puntalean kokatua baitzegoen Casa Lonja bezala ezaguna zen merkataritzarako lekua. Bertan ohikoak ziren Frantziako garia eta Herbeheretako ehunak, adibidez. Honen harira, Gaztelako Antso IV.a erregeak 1290ean honako erregalia eman zion Puntaleko lonjari:

Por hacer bien e merced al concejo de Fuenterrabia e porque ese lugar mejor se pueble, tenemos por bien que todos los mercaderes que vinieren al puerto de Fuenterrabia de fuera a nuestros reinos e vayan e vengan salvos o seguros pagando sus derechos como pagaban en tiempo del Rey Fernando nuestro abuelo.

Puntaleko ontziralekua

Aurtengo maiatzean 725. urteurrena bete da Hondarribiak, Gaztelako Koroaren defentsan, Hermandad de las Marismas (Urmaelen Ermandadea) federazioa osatu zuela Bermeo, Getaria, Laredo eta beste hainbat portu-herriekin batera. 1296 urtean adostu zuten harreman hori.

Ospakizun polita du aurten ere Done Pedro Itsas Gizonen kofradiak, 660. urteurrena, 1361ean sortu baitzuten.

Aro Modernoa

Nafarroako Erresumaren portu garrantzitsuenetako bat izan zen Hondarribikoa, itsas-exportazio guztia, bertatik ematen baitzen. Hori horrela, historian geratu dira itsasoari lotutako zenbait gertakari, horien artean nagusienak 1521eko okupazioa eta 1524ko setioa. Hondarribia izan baitzen Nafarroako erresumako azken portua.

XVI. mendearekin jarraituz, 1572an, Espainiako Filipe II.a erregearen aginduz Lonja Etxe zaharra eraitsi eta berri bat altxa zuten, erregeak San Filiperen baluartea eraiki nahi zuelako ondoko lurretan.

Mende horretan ere, amaiera aldean, aurkitzen dugu Magdalenako errebalearen lehen aipamena. Inguruko azalpen sakona ematen digu idatziak:

Hondarribiko hiribilduko arrantzaleen ohiko bizileku eta ontziratze-tokia, Magdalena ermitaren aurrean dute. Inguruan, altuera gutxiko 26 etxebizitza zeuden, solairu bat edo bikoak, egurra eta adreiluz osaturiko egiturak. Eraikuntza apalak dira, harresi-barruko (Alde Zaharreko) nobleen etxeekin alderatuta, non armarriak eta harlandua nagusi den.

Beste deskribapen interesgarri bat Pedro Teixeira Albernasek utzi zigun, 1622 urtean:

Desta villa y fuerça de Fuente Rabia ba la costa ynclinandose al setentrion dado fin con un cabo a que llaman del Higuer, que queda distante de la dicha villa una buena media legua, donde al abrigo del, en quinze y bente braças dan fondo los nauios para aguardar la marea y poder tomar la barra y puerto de fuente Rabia, que no hes de las de menos dificultad, por su poco fondo (…). Buelto el cabo del Higuer aze la costa una cala y surgidero que llaman puerto de Astubiaga ynclinadose del al mediodia, llabantandose una alta montaña, linpia de arboleda por la parte que la lava la mar, que llama de Gasquibel (…) el fin de la qual esta la entrada del famoso puerto del Pasaje.

1638ko setioak ere bere itsas-gertakariak eduki zituen, adibidez, Puntaleko lonja bere osotasunean erre zutela.

Portu auzoaren sendotzea

Pedro Olanoren gidaritzapean eta Juan Bautista Izaguirre, Jose Antonio de Imaz eta Dionisio de Arriolaren parte hartzearekin, Kofradiak kai bat eta kostako horma/harresi bat eraiki zuen 1767. urtean. Honen arrazoi nagusia urte horretan emandako hainbat ekaitz bortitz izan ziren, ikusirik arrantzaleen etxebizitzak arriskuan egon zitezkeela.

XVIII. mendean eta, batez ere, XIX.ean, merkataritzaren gainbehera eman zen, Puntaleko lonjak abantaila geo-estrategikokiak galdu baitzituen (1841ean zerga-arantzelak kostaldera eraman ziren, eta trenak Irun hauspotu zuen garraio-hiri gisa).

Baina, zeharka, arrantzaren eta Portu auzoaren gorakada bat ekarri zuen, arrainaren eskaria igo egin zelako industria kontserberei eta baporezko itsasontziei esker.

Garai honetan ere, eta arrantzaren funtzionalitatea errazte aldera, Mariano Jose de Lascurainek diseinaturiko eta Francisco de Echavek egikarituriko ontziraleku bat eraiki zuten 1860. urtean, egun kai-zaharra gisa ezagutzen duguna.

XIX. mende erdialdeko beste pasarte batek honela zioen:

Magdalenako errebal zaharra, harresiz kanpo zegoena, zerbitzu instalaziorik gabea, arrantzaleen etxebizitza sinple batzuez betea. Mende osoan zehar udal boterearekin burrukan, azpiegitura minimo batzuk lortzeko, kasurako dendak, tabernak, Lonja Etxea, etab. Gatazka horien ondorio, lonja auzora ekartzea lortu zuten, 1866an eraikia izango zena Leandro Berrotaranen agindutara, Arrantzaleen hermandadea, alegia.

Egungo egoera aztertuta, begi-bistakoa da Hondarribiko arrantza sektoreak garai hobeak bizi izan dituela. Baina XX. mendeari erreparatzen badiogu, herriko ekonomiaren zati oso handi bat itsasoarekin harremandua zegoen. Lehen sektorearen giharra arrantza zen eta Portua Auzoa bizkarrezurra. 1900 urtean 4.345 pertsona bizi ziren Hondarribian, horietatik 200 familiatik gora arrantzari esker bizi ziren.

Sarerik gabe, arrañik ez

Jakina denez, arrantzaleek sareen beharra zuten. Sareak huts egin ezkero, arrañik ez zegoen. Eta sarea eduki ahal izateko lan handia zegoen atzean. Astero-astero landu behar zen sarea, mantenu lan ezberdinak behar izaten zituen. Izan ere, kotoizko hari finak usteldu egiten ziren ur gaziarekin eta itsas-algekin kontaktuan, baina batez ere sarean harrapatuta geratzen ziren medusekin.

Sarea gurdi gainean, Portuko tana-toki kanpoaldean

Hori dela eta, sareen kontserbazioa tanatze, lehortze eta konpontze faseekin lortzen zen. Hasteko, sarea itsasoan murgiltzen zen eta berriz jaso alga, arrain edota medusak erretiratzeko. Behin hori eginda, gurdietan kargatzen zituzten eta Kofradiako tana-tokietara eramaten zituzten. Hemen hasten zen sarearen esentzia mantenduko zuen prozesua, tanatzea.

Era erraz batean azaltzearren, tanatzea sarea tindatzea da, horretarako landare jatorria duen tanino substantzia erabiltzen zelarik. Helburu nagusia sarearen erresistentzia handitzea zen, mikrobioen erasoek eta ur gaziak sarea usteltzen baitzuten.

Tanatzeedo tindatze fasearen hasieran ura berotu egiten zen kaldera batean eta bertan gehitzen zitzaion tanino edo tindagaia. Behin substantzia disolbatua zegoela, kalderaren azpiko iturria ireki egiten zen eta likidoak tina goraino betetzen zuen. Tina horretan, sare zatiak murgilduko ziren minutu gutxi batzuk, tina goraino bete arte. Behin sarea ondo blaituta zegoela, ondoan zegoen harraska (pila) batera lekualdatzen zen, bertan tanatze fasean harturiko gehiegizko tindagaia askatzeko. Prozesu hau, behin eta berriz errepikatzen zen, sarea guztiz tanatuarte.

Tana-toki baten irudia (Constantino Virtoren ‘Arrantzaleak’ liburuan argitaratua)

Behin tindaketa fasea amaituta, tana-tokian sarea gurdi batean kargatu eta espazio ireki batera eramaten zuten, Portu auzoan bertan, normalean Butron pasealekura. Bertan, lehortze fasea hasten zen. Kortxoen ertza alde batera jartzen zen eta berunen ertza beste aldera, zabal-zabal jarriaz, lehortzea azkartzeko.

Azken fasea zen garrantzitsuena, sareak konpontzea, alegia. Eta nola ez, Hondarribian ere, emakumeak nagusi ziren sare konpongintzan.

Esan bezala, emakumeak ziren sareak armatzen zituztenak. Sarearen osasunaz arduratzen zirenak. Hainbat testigantzengandik iritsi zaigunez, edozein barkuren sareak guztien artean konpontzen zituzten, elkartasuna zuten oinarri gisa.

Emakume hondarribiarrak agiri historikoetan

Asko idatzi izan da Hondarribiko arrantzari eta arrantzalei buruz, baina apenas ez da erreferentziarik emakumeen lanari buruz. Beste arlo askotan bezala, historiak emakumeak isilarazi edota itzalpean utzi izan ditu, baina zalantzarik ez da gizartearen, ekonomiaren eta herriaren izaeraren parte garrantzitsu izan direla. XVI. mendean badira hainbat aipamen emakumearen lanaz aritzen direnak, ez bakarrik saregintzaz, baita arrainaren manipulazioa, lehortzea, kontserba eta gazitze prozesuez.

Badakigu ere XVIII. Mendean Hondarribiko emakumeek txardina saltzeko arazo ugari izan zituztela, Baionako gobernuari 1725eko gutun honetan zehazten den bezala:

Y es asi que al presente se alla la novedad, de que se les inpide a las mugeres de esta Ciudad, la introduzion y venta de la sardina de Galizia que llevan en zestas en la cabeza a, lo que se extraña y a vista de la franquesa y libertad que se tenido en la Benta de semejante sardina, como de lo demas comestible; por cuio motivo me beo presissado de suplicar a V.S. se sirva de continuarme sus favores, mandando que no se ponga estorvo en que en dicha Villa yntroduzqan en zestas y vendan las expresadas mugeres dicha especie de sardina.

1749ko beste agiri batean, Mutrikutik Hondarribira zuzendutakoa, emakumeek kudeatzen zituzten sare moderno batzuen inguruan mintzo ziren:

Desde que han oydo /que en Hondarribia/ ciudad por via de Francia han logrado unas redes de nueva invencion que se deben cerrar y abrir a manera de saco o cortina con anillas, deseando saber estas señoras que redes necesita una chalupa para sardinera y el precio.

Emakumeak sareari konponketak egiten

Gutxi izanik ere, badira emakumearen lanaren erreferentziak. Hori gabe ere, ahoz ahokoari esker badakigu zein garrantzia izan duten emakumeek Hondarribiko arrantzaren sektorean. Baina tamalez, oraindik askotan entzuten den istorioa da itsasoa gizonen kontua bakarrik izan zela edo dela.

BIBLIOGRAFIA

ARREGI, Mª Luisa; OLASKOAGA, Fermin eta VIRTO, Constantino: Arrantzaleak, Edita Argitaletxea, Hondarribia

BENITO DOMINGUEZ, Ana Mª: Estudio histórico del puerto de Hondarribia, Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, Vitoria-Gasteiz, 2010

BENITO DOMÍNGUEZ, Ana Mª: Los puertos de Gipuzkoa y sus proyectos, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 7, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia-San Sebastián, 2012, pp. 11-50

EMPARAN ORTIZ, José Ramón: El arrabal de la Magdalena: un barrio desconocido. Cofradía de Mareantes de San Pedro, Hondarribia.

PORTU, Florentino: Hondarribia: Notas históricas y curiosidades, Ayuntamiento de Hondarribia, 1989

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta